Elkarretaratzeak egin dira Etxebarrian eta Markina-Xemeinen, Beltran bilatzeko lanak amaitu dituztela salatzeko
Eusko Jaurlaritzari erantzukizunak "argitzeko" eskatu dio Zaldibar Argitu plataformak.
Eusko Jaurlaritzak Joaquin Beltranen gorpuzkiak topatzeko lanak eten dituela salatzeko kalera irten ziren herritarrak barikuan [maiatzak 14]. Mobilizaioak egon ziren hainbat herritan Zaldibar Argitu herri plataformak deituta, eta Etxebarriko Olaia aurrean eta Markina-Xemeinen ere elkarretaratzeak egin ziren.
Plataformako kideek azaldu dutenez, “hau hasierako kudeaketa penagarriaren beste kapitulu triste bat baino ez da”. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari erantzukizunak “argitzeko” eskatu dio.
Zaldibar Argituk adierazi duenez, “informazio eta gardentasun falta” izan da Zaldibarko zabortegiaren ezaugarri nagusia hasieratik, eta, orain, “agintariek hasieratik egindako kudeaketa tamalgarriari beste kapitulu bat gehitu zaio”. Herri plataformaren ustez, Joaquin Beltranen gorpua ez aurkitzea “erabateko porrota” da, bai senide eta lagunentzat, bai herritarrentzat.
Nahiz eta Joaquin Beltranen bilaketa bertan behera geratu den, “erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetara iristea ezinbestekoa” dela adierazi dute.