107 ontzi batu dira Mutrikun, arrantza dekretu berriaren aurka
Mutrikuko, Ondarroako, Lekeitioko eta Debako kirol ontzien elkarteetako bazkideek parte hartu dute protesta zaratatsuan. Beste portu batzuetan ere eskualde mailako mobilizazioak egin dituzte.
Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak kirol arrantza arautzeko aurkeztu duen errege dekretu proposamen berriaren aurkako protestak egin zituzten zapatuan [maiatzak 15] Euskal Itsas Kirol Arrantzaleak kolektiboko kideek. Euskal Herriko kirol portu guztietan dozeneka ontzi mobilizatu ziren, tartean, Mutrikun.
Bixente Galarraga Mutrikuko Alkolea-Intxirri kirol ontzien elkarteko presidenteak HITZAri azaldu dionez 107 aisialdiko ontzi batu ziren Mutrikuko portuko uretan egindako protesta zaratatsuan. Mutrikuko kirol ontzien elkarteko bazkideez gain, Ondarroako, Lekeitioko eta Debako kirol ontzien elkarteetako bazkideek ere parte hartu zuten mobilizazioan. Getarian eta Bermeon ere eskualde mailako protestak egin zituzten; han ere dozenaka ontzi batu ziren euren “haserrea” agertzeko.
Zapatuan egin zituzten protestekin Espainiako ministeritzak euren eskaria aintzat hartzea nahi dutela esan dute. Astelehenean [maiatzak 17] amaitu zen kirol arrantza arautzeko errege dekretu proposamen berriaren aurka alegazioak aurkezteko epea. Aisialdiko itsasontzietan kirol arrantza egiten dutenak Madrilek zer erabakiko zain daude orain.