Mutrikuko B+I taldea kirol arrantza arautzeko dekretua eguneratzearen alde agertu da
B+Iko kideen iritziz, "ezinbestekoa" da 1999ko araua eguneratzea. Arrantzatzen den arrainari "kontrol handiagoa egiteko baliabide teknikoak eta borondatea" jartzearen alde egiten dutela adierazi dute.
Herri plataformako kideek adierazi dutenez, bat datoz Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak kirol arrantza arautzeko errege dekretu proposamen berriarekin. B+Iko kideen iritziz, “ezinbestekoa” da 1999ko araua eguneratzea. “Horretarako kontuan hartu behar da kirol arrantzaren bilakaera eta horrek agortutako ekosistema batean gero eta eragin handiagoa duela”.
B+Ik aisialdiko nabigazioaren “esentziara” bueltatzea proposatzen du. “Gaur egungo eredua itsas ekosistemen oreka mantentzeko baterazina da”. Euren arabera, aisialdiko ontzien kopurua nabarmen hazi da; Mutrikuko portua horren adibide modura jarri dute. “1999an 150 potin zeuden, eta gaur egun kopuru hori bikoiztu egin da. Gaur egungo ontziak duela 30 urte zeudenak baino askoz gehiago eta urrunago arrantzatzeko gai dira. Aisialdiko arrantzarako lizentziek ere gora egin dute; 55.000 banatu dira aurten”.
Hori guztiagatik aurreko dekretua eguneratzea “zentzuzkoa” dela diote. Are gehiago, arrantzatzen den arrainari “kontrol handiagoa egiteko baliabide teknikoak eta borondatea” jartzearen alde egiten dutela adierazi dute. Eman dituzten arrazoien artean galzorian dauden espezien egoera txarra azpimarratu dute. Besteak beste, “araudian berariaz aipatzen den” bisiguaren egoera aipatu dute. Aisialdiko zenbat ontzik arrantzale profesionalei “lehia zuzena eta desleiala” egiten dietela ere diote. “Debekatuta dago bide alternatiboen bidez harrapaketak merkaturatzea. Iruzurrezko salmentak, bereziki, artisau ontziak mehatxatzen ditu”.
Beste arrazoi batzuen artean, “logikoa” iruditzen zaie aisialdiko harrapaketa kopuru jaistea. “Aisialdiko arrantzara bideratutako kopurua berbera bada, baina lizentzia gehiagoren artean partekatu behar bada, ontzi bakoitzari dagokion kopurua jaitsi egin beharko da; ezin da aisialdiko ontzien dagokien kopurua etengabe igo. Gure ustez, harrapaketen banaketa orekatua egitea ezinbestekoa da”.