Beatriz Iturraspe eta Orbaiz Aretxabaleta: "Sariak Lekeition erosi ditugu herriari bultzada emateko"
Lekeitioko Azkue ikastolak tombola bat antolatzea erabaki du aurten. Joan den asteburuan hasi ziren txartelak saltzen. 25 izango dira sariak, Lekeitiori 25 bultzada emateko.
Zer dela eta pentsatu duzue aurten tonbola bat antolatzea?
Orbaiz Aretxabaleta Zugadi: Ikastolako Guraso moduan beti antolatu ditugu hainbat ekintza ikastola modura ditugun beharrizanei aurre egiteko. Orain dela bi urte bigarren eskuko azoka bat antolatu zen, eta, aurretik, ikastolako tabernaren ardura hartzen zen. Baina, aurten, ikusirik momentu honetako egoera zein den, eta ikusita, daukagun egoeragatik ezin dugula bigarren eskuko azoka bat antolatu, tonbola bat egitea erabaki dugu.
Beatriz Iturraspe Atxurra: Zozketa hitza serioegia begitantzen zitzaigun gauden egoerarako, eta zerbait alaiagoa izateko tonbola bat egitea pentsatu genuen.
Tonbolaren helburua zein da zehazki?
O.A.: Hortik ateratzen den dirua, alde batetik, momentu honetan inoiz baino beharrezkoagoa den ikastolak berak daukan barne beka sistema finantzatzeko izango da, eta, horrez gain, beste helburu bat ere badaukagu; tonbola horretako sariak herriko ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetakoak izango dira, horiei bultzada bat emateko. 25 bultzada, hain zuzen ere.
Zelan emango duzue bultzada hori?
B. I.: Badakigu egoera honek zelako zuloa utzi duen herriko establezimendu eta zerbitzuetan, eta horiei bultzada bat emateko, tonbolako sariak Lekeition erosi dira. Urtero ospatzeko asmoa daukagunez, aurten euren establezimendua ez bada saria ematen duena, hurrengo urteetan izango da.
O.A.: Hurrengo urteetan ere antolatu nahi dugu, eta Lekeitiori 25 bultzada ematen jarraitu, baina establezimenduak txandakatzen joatea nahi dugu. Urte bakoitzean batzuei tokatuko zaie.
Barne bekak ere garrantzitsuak izango dira ikastolarentzat.
B. I.: Eusko Jaurlaritzak ematen dituen bekez gain, gure beka sistema propioa daukagu ikastolan. Beka sistema honegaz premia daukaten familiak laguntzen dira eta hori denen lanari esker da posible.
Zelan parte hartu ahalko da tonbolan?
O.A.: Saria emango duten establezimenduetan eskuratu ahal dira zozketako txartelak, eta guk ere banatuko ditugu. Asteburuetan Eskolapean edo herriko gune ezberdinetan egongo gara txartelak saltzen, bateren bat eskuratu nahi duenarentzako.
B. I.: Txartel bakoitzak 50 zentimo balio ditu, eta zozketa bera ekainaren 30ean egingo da. Txanda ezberdinak antolatuko dira ikastolako guraso denak parte hartu ahal izateko. Egoeraren arabera erabakiko dugu zein den zozketa egiteko modurik egokiena eta emango dugu horren barri aurrerago.
Zeintzuk izango dira sariak?
O.A.: Era askotako sariak egongo dira, arlo desberdinak hartu ditugu kontuan aukeratzerako orduan. Bizikleta bat , bertoko produktuak, arropak, osagarriak… eta sari bitxiak ere badaude, ogia etxera eramatea egunero hilabetean, hortz garbiketa bat ere bai edota etxeko logela margotzea besteak beste. Sariak sare sozialetan joango gara astetik astera aurkezten.
Zenbat txartel kaleratuko dituzue?
B. I.: Guztira 20.000 txartel egongo dira. Erronka handia izango da, baina helburuak merezi duela uste dugu.
TONBOLAKO SARIAK
1. Bizikleta
2. Telebista
3. Haragi sorta
4.Barazki sorta
5.Arrain sorta
6. Bazkaria
7. Pintxo pote zirkuitua
8. Arropa
9. Liburuak.
10. Hortz garbiketa
11. Etxetresna elektrikoak
12. Hilabeteko ogia
13. Gosaria
14. Gozogintza produktuak
15. Itsasargia bisitatzeko
gonbidapenak
16. Mendexa Abentura Parkerako sarrerak
17. Leaktibai abentura esperientzia
18. Eguzkitako betaurrekoak
19. Asteko erosketa
20. Zinemako bazkidetza
21. Eramateko olasko errea
22. Masaje hawaiarra
23. Logela margoketa
24. Belaontzian buelta bat
25. Loreak