Haritz Garate lekeitiarra, laugarren Iruñeko Half Triatloian
Amandarri Triatloi Taldeak garaipen berri bat eskuratu du talde mailan. Emaitza onak lortzen ari dira Lekeitioko triatloi taldeko kirolariak.
Emaitza onekin itzuli dira azken probatik ere Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldekoak. Zapatuan [maiatzak 15] lehiatu zen Iruñeko Half Triatloian parte hartu zuten, eta oraingoan ere lehen postua lortu dute talde modura.
Haritz Garate Txurruka lekeitiarra, gainera, podiumetik hurre geratu zen. Garatek laugarren postua lortu zuen sailkapen orokorrean triatloia 3.44.48 denboran osatuta. Guztira, 1.900 metro igeri, 77 km bizikletan eta 17 kilometro korrika osatu behar izan zituzten parte hartzaileek, eta ondo moldatu zen hiruretan Garate: igeriko tartea 26.58 denboran osatu zuen, bizikletako distantzia 2.04.17 denboran eta aringa-aringako tartea 1.09.47 denboran amaitu zuen.
Sailkapen orokorreko lehen hamabost triatleten artean geratu ziren bai eta ere Julen Sagastibeltza Lasarte lekeitiarra (3.47.04) eta Zorion Kareaga Laka markina-xemeindarra (3.48.34); zortzigarren eta hamargarren postuak lortu zituzten hurrenez hurren.
Guztira, 703 triatletak parte hartu zuten Iruñeko Half Triatloian, eta beraz, taldea “oso pozik” agertu da lortutako emaitzagaz. Amandarriko hamar triatletak parte hartu zuten proban.