Mutriku laugarren sailkatu da 680 kilokoan
Asteburu honetan Mutrikun hasiko dute 640 kiloko kategoria, eta Mutrikuko taldekideek hirugarren posturako lehian egotea espero dute
Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketaren lehenengo kategorian Gaztedi A taldea nagusitu da. 680 kiloko hiru jardunaldiak irabazi ditu Laukizeko taldeak, eta 18 puntugaz lortu du lehen txapelta. Mutriku laugarren sailkatu da, 8,5 puntugaz.”Balorazioa ona da, txapelketa hasi aurretik ere, hirugarren eta laugarren postu horietan egotea espero genuen eta. Pentsatutakoaren arabera irten da”, adierazi du Jabi Urresti Mutrikuko taldekideak.
Aulestiko lehen jardunaldian bosgarren eta Azkoitiko bigarrenean eta Berriatuko hirugarrenean laugarren sailkatu da Mutriku: “Lehenengo jardunaldian, taldekide berriak debutatu zuen, bigarrenera beste mentalitate bategaz joan ginen, eta Berriatuan pentsatutako emaitza lortu genuen, baina ez genuen nahi besteko maila eman”.
Zapatuan Berriatuan lehiatutako hirugarren eta azken jardunaldian ere ez zen ezustekorik egon, eta beraz, hiru jardunaldietan lehen hiru postuetan sailkatutako taldeek osatu zuten 680 kiloko podiuma. Goiherri geratu da txapeldunorde (15 puntu) eta Gaztedi B hirugarren (12 puntu).
Asteburu honetan, Mutrikun. 640 kiloko kategoria etxean hasiko dute asteburu honetan. Azken urteotan ez dute jardunaldirik egin Mutrikun, eta aurtengo txapelketa ikuslerik barik lehiatzen ari badira ere, hitzordu berezirako gogotsu daude.
Saturrarango bidegurutzea baino aurrerago, gasolindegi paretik dagoen zelai batean ariko dira estreinakoz. 17:00etan hasiko dute zapatuko saioa.
Lehenengo helburua zapatuan pisuan sartzea izango dela zehaztu du Urrestik: “Berriatuan aritutako talde beragaz lehiatu nahi dugu jardunaldia, beraz, aste honetan denon artean 11 kilo kendu behar ditugu”.
Maiatzaren 22an Mutrikun, maiatzaren 29an Hernanin–lehen biak Mutriku Sokatira Taldeak antolatu ditu– eta ekainaren 5ean Laukizen lortutako emaitzen baturak erabakiko du kategoria horretako talde txapelduna. 680 kilotan aritu diren sei taldeei Getxo batuko zaie lehia horretan. 680koan lortutako emaitza errepikatuz gero pozik geratuko direla dio Urrestik, eta, halaber, hirugarren postu hori jokatzeko esperantza daukate. Hirugarren postuaren lehia horretan egoteko aukerak badituztela uste du: “Beste konfiantza bategaz joanda, uste dut hirugarren egitea posible izango litzatekeela”.
640 kilokoa kategoria garrantzitsuenetakoa dela azaldu du Urrestik: “Nazioarte zein Euskal Herri mailan, 640 kilokoa mailarik garrantzitsuenetakoa da, txikietan 560 kilokoa den bezala. Bai Euskal Herrian eta bai hemendik kanpo, azken urteotan talderik gehien agertzen dena da. 680koa hemengoentzat pisu asko da, orain ere gu ia 30 kilo azpitik ibili gara, denen moduan. Orain ez dago jende pisutsurik”.
600 kilokoa daukate begiz jota. Ekainaren 12an, 19an eta 26an lehiatuko dute, eta talde mutrikuarrekoek kategoria horrekin amaituko du aurtengo txapelketa: “Erronka moduan ipini dugu 600 kilokora talde sendo eta indartsuagaz joatea. Ibilitakoak izango gara denok, beteranotasun puntu bategaz. Esfortsu aldetik beste bat…. gehiago suposatuko du, baina ahal gara joan eta saiatu egingo gara. Talde lehiakorragaz ariko gara”.