Uztaileko jaien ordezko ekintzak proposatzeko batzarra deitu dute Markina-Xemeinen
Bihar [maiatzak 19] 19:00etan egingo da batzarra, Markina-Xemeingo udaletxeko bilkura aretoan. Aldez aurretik baieztatu behar da asistentzia.
Uztaileko Karmen jaien ordezko kultur ekintzen proposamenak jasotzeko batzar parte-hartzailea egingo da bihar [maiatzak 19] 19:00etan, Markina-Xemeingo udaletxeko bilkura aretoan. Aurreratu dutenez, proposamenak egin eta eztabaidatzea da batzarraren helburua.
Edukiera mugatua izango denez, batzarrean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik baieztatu behar dute asistentzia, eta horretarako, posta elektroniko bat bidali behar dute komunikazioa@markina-xemein.eus helbidera, izen-abizenak zehaztuz.
Talde eta elkarteen kasuan, talde bakoitzetik kide bakar batek parte hartzea eskatu dute, eta izena ematerako orduan zein talderen ordezkari den zehaztea.
Batzarrera joateko aukerarik ez dutenek ere badaukate proposamenak bidaltzeko aukera. Batzar parte hartzailea baino lehen bidali ditzakete proposamena komunikazioa@markina-xemein.eus helbide elektronikora edo Berton bulegoan utzi. Batzarrerako hitzordua ere eskatu dezaketela azaldu dute.