Aurrera Kirol Elkartearen zuzendaritza batzordea osatzeko hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu dute
Maiatzaren 22tik ekainaren 4ra aurkeztu behar dira hautagaitzak, eta ekainaren 18an egingo dute Bazkideen Ezohiko Asanblada.
Ondarroako Aurrera Kirol Elkartearen azken asanblada orokorrean onartu zutenagaz bat etorrita, agintaldi berrirako zuzendaritza batzordea osatzeko hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu berri dute. Aukeratutako presidente eta zuzendaritza taldeak 2024. urtera arte luzatuko den agintaldia beteko du.
Aurrera Kirol Elkarteko presidente eta zuzendaritza batzorde izateko hautagaiek bi asteko epea daukate euren hautagaitza aurkezteko. Hain zuzen, maiatzaren 22tik ekainaren 4ra, Zaldupera hurbilduz edota posta elektronikoz cdaurrera@telefonica.net helbide elektronikora helarazi behar dira.
Hautagaitza posible guztiak jaso eta hauen bidezkotasuna berretsi ostean, ekainaren 18an egingo dute Bazkideen Ezohiko Asanblada. Hautagaitza bat baino gehiago aurkeztuz gero, bozketa egingo dute. Bakarra baldin badago, bazkideen oniritzia jaso beharko du Aurrera Kirol Elkartea zuzentzeko hurrengo hiru urteetan.
Aurretiaz jakinarazi zuten legez, egungo zuzendaritza batzordea ez da aurkeztuko prozesu honetara. Hala, bazkideei eskerrak eman dizkiete eta Aurrera Kirol Elkartea gidatzea ohorea izan dela aitortu dute: “Esker mila hainbat eta hainbat urtetako konfiantzarengatik”.