Markina-Xemeingo ekitaldi batek ika-mika sortu du antolatzaileen eta udalaren artean
Antolatzaileek esan dute udala oztopoak jartzen ari zaiola herriko elkarteek antolatu nahi duten "edozeri"; udalak esan du ez dutela baimenik eskatu.
Kali aldarrikatu, bizipoza berreskuratu ekitaldia egitea galarazi zietela salatu zuten zapatuan [maiatzak 22] hainbat herritarrek Markina-Xemeinen zehar manifestazio zaratatsua eginez.
Antolatzaileek azaldu dutenez 11:00etan zen hastekoa egitaraua, baina ez ziren hasi ere egin. “10:30erako udaltzainak etorri ziren alkateak bidalita, eta eguna ezingo genuela aurrera eraman esan zigun. Gure lehenengo erantzuna egitaraua mantenduko genuela izan zein, baina segituan ertzainak etorri ziren eta espedienteak zabaltzeagaz mehatxatu gintuzten. Egoera ikusita bertan behera uztea erabaki genuen”.
Esan dute argi daukatela zapatuan gertatutakoa “ez dela kasu isolatua”: “Herri mugimendutik eta herriko elkarteen eskutik antolatu nahi den edozeren aurrean oztopoak ipintzen dihardu udalak, aitzakia administratiboak erabilita”.
Herriko norbanako eta eragileen parte hartze sozial, kultural eta politikoa defendatzen jarraituko dutela esan dute: “Kalea denona dela eta herria denok egiten dugula sinesten dugulako, udalaren mehatxu eta oztopoen gainetik, kalea berreskuratzeko beharrean jarraituko dugu”.
Baimena. Udaletik jakitera eman dutenez, berriz, eremu publikoa erabiltzeko inolako eskabiderik ez zen aurkeztu zapaturako eta ez zen inolako kontingentzia planik landu: “Orain arte, eremu publikoan ekintzaren bat antolatu duten talde guztiek eskaerak aurkeztu dituzte ekintzak aurrera eraman ahal izateko. Udalak ez du jarri inolako oztoporik, eta den-denei baiezkoa eman zaie. Are gehiago: ekintza horien antolaketan lagundu du udalak, beharrezko materiala taldeen eskura utziz, mahaiak, aulkiak, hesiak, gela, maskarak eta abar“.
Esan dutenez, pandemia egoera hasi denetik eremu publikoan ospatu daitezkeen ekintza kultural edota aisialdi jarduerak baimendu ditu udalak: “Edozein talde edo elkarteren ekintzak babestu eta elkarlanean aurrera eraman ditu udalak, horretarako eskakizun bat aurkeztu denean udalean eta dagokion prebentzio neurrien protokolo bat jarraituz. Izan ere, indarrean dagoen araudiaren arabera, eremu publikoan ekintzaren bat antolatzeko ezinbesteko baldintza dira udalean eskabidea aurkeztea eta Kontigentzia Plan bat lantzea”.
Zapatuan gertatutakoaren harira eta jasotako kritiken aurrean, udalak argi utzi nahi izan du “ez dagoela inoren kontra”. Horrez gain, esan dute EH Bilduk gai horren aurrean izandako jarrera «ez dutela ulertzen». «Alderdi horretako ordezkari politikoekin batera batzordeetan adostu du udalak eremu publikoan ekintza bat antolatzeko jarraitu behar den prozedura, eta EH Bildu bat etorri da planteamendu horrekin». Hori dela eta, Tokiko Gobernu Batzarrean bere jarrera azaltzeko eskatuko diotela adierazi dute.
EH Bilduren ustez, gazteek protokolorik aurkeztu ez izanak ez du gazteei modu horretan egitarau osoa bertan behera laga araztea justifikatzen. Horren beharrean gazteekin hitz egitea eta adostasun batera iristea hobe zela ikusten dute.