Lekeitioko txakur jabeen iritziak eta proposamenak jasoko dituzte
Lekeitio Lagunkoiak egindako diagnostikoaren arabera txakur kakak dira herritarren kezka nagusietako bat, eta gaiari denen artean erantzun bat ematea nahi dute.
Txakur talde bat Txakur jabeen iritziak eta proposamenak jasotzeko inkesta guneak jarriko dituzte zapatuan [maiatzak 29] Lekeitioko gune ezberdinetan. Lekeitio Lagunkoia ekimeneko boluntarioak egongo dira txakur jabeen proposamenak jasotzen. Izan ere, Lekeitio Lagunkoiak herriko diagnosia egin ondoren, txakurren kakak izan ziren agertutako kezka nagusietako bat, eta gaiari denen artean kolpe eta dagokion konponbidea ematea dute helburu.
Lekeitio lagunkoia ekimena 2017an abiatu zuten Lekeition udalaren eskutik eta boluntario talde baten bultzadagaz. Lekeitio adin guztientzako lagunkoi bihurtzea du helburu ekimenak, prozesu parte hartzaile eta ekintzaile baten bitartez. Helburu hori lortzeko bidean herriko diagnosi bat egin zuten eta ekintza plan bat diseinatu. “Herriko eragile desberdinekin elkarlanean, hainbat ekintza martxan jarri ditugu, prozesuak planteatzen dituen arlo desberdinetan”, azaldu dute.
Oraingoan, garbitasuna eta elkarbizitza arloak lantzen ari direla jakitera eman dute ekimeneko boluntarioek, eta horrela, diagnostikoan agertutako kezka nagusietako bati erantzun nahi diote: txakurren kakaren gaiari. “Otsailetik hasita, txakurren kakak batzeko hainbat kartel jarri ditugu herrian, gure auzokideak gaiarekin sentsibilizatu daitezen”.
Boluntarioek argi utzi nahi izan dute “ez daudela txakurren kontra ezta animalien kontra ere” eta irmoki salatu dituzte “aurreko egunetan pozoiaren bitartez txakurren kontra gertatutako erasoak”.
Txakur jabeen iritziak jasotzeko inkesta guneak parkean eta Isuntzan, Artea eta Larrotegi inguruan eta Santa Katalinan jarriko dituzte. 09:00etatik 11:00etara egongo dira boluntarioak gune horietan proposamenak jasotzen. Horrez gain bilera bat ere egin nahi dute herriko txakur jabeekin “gaia elkarrekin lantzeko”.