Markina-Xemeingo osasun etxetik Iparragirreko ur biltegira doan bidea konponduko dute
Kreditu aldaketa berriak onartu ditu udalak beste hainbat inbertsio aurrera eramateko.
Markina-Xemeingo Udalak beste kreditu aldaketa bat onartu du hainbat inbertsio egiteko. Urbanizazio eta azpiegiturak eta irisgarritasuna hobetzera bideratuko dira horietako batzuk.
Besteak beste, Iparragirreko bidea egokitzeko lanen bigarren faseko lanak egingo ditu udalak. Lehen fasean Iparragirretik Erdotzara arteko eremua konpondu zuten, eta bigarren fasean Osasun etxetik Iparragirreko ur biltegira doan zatia egokituko dute. Azaldu dutenez, bidea garbitu, asfaltatu eta margotuko dute, eta gune batzuk zabaldu egingo dira oinezkoei lehentasuna emanez. Bigarren faseko lanek 30.659,60 euroko kostua edukiko dute.
Horrez gain, Erdotza etorbidean asfaltatze lanak egingo dituzte (8.717,08 euro) eta Xemeingo parrokiaren aurreko aldea argituko dute. 4.631,75 euro erabiliko dituzte Xemeinen argiztapen berria jartzeko, eta lehen zegoenaren antzekoa izango dela aurreratu dute.
Iriste erraztasunari lotuta San Roke pareko espaloia jaitsiko dute zabor gune berri bat kokatzeko, eta ezinduentzako eserleku berria jarriko dute Atxondo kiroldegian edozein adin eta mugikortasun arazo dutenentzako erabilgarri. 2.163 euro beharko dituzte San Roke pareko lanetarako eta 4.658 euro eserleku berrirako.
Beste alde batetik, bigarren eskuko kamioi-garabi bat erosi du udalak. Argitu dutenez, orain arte alokairuan erabili dute eta erostea erabaki dute. Zehaztu dutenez, argiteria eta inausketa lanetarako aproposa da, besteak beste, eta 41.000 euroko kostua dauka.
Azkenik, 65.223,15 euro Aseguru Primen gaineko Zergaren igoera ordaintzeko erabiliko dituztela azaldu dute, eraikin eta ibilgailuen eta bizitza aseguruetan egon den igoera beste batzuen artean.