Aisia, kirola eta kultura batzen dituen proiektua garatzen ari dira Motrollon
Hamabost pertsonak parte hartu dute Motrollu garbitzeko lehen auzolanean. Herritarren iritziak eta ekarpenak kontuan hartuta, proiektuaren berdefinizioa egin beharko dutela esan dute.
Motrollu Herriko Mendia Aisia, Kirola eta Kultura proiektua garatzen ari dira Munitibarren, eta zapatu goizean auzolanean aritu ziren bertan.
Hamabost pertsona elkartu ziren Motrollu mendiko tontorra eta bertako zaborrak garbitzeko. Hala ere, goiz horretan egindako lanekin ez ziren erabat txukunduta geratu Motrollu inguruak, eta beraz, ekainaren hasieran beste auzolan gehiago antolatuko dituztela jakitera eman dute.
Aurten Munitibarko Udalean eratutako Garapen-batzordean erabaki zuten Motrollu mendian egindako “ahalegin eta lana errekuperatzea interesekoa” izango litzatekeela guztientzako, eta era berean, udalak bere baso-lurretan egiten duenarekin “erreferentzia izan behar duela herritarrentzako”.
Behin tontorraren eta bertako zaborren txukuntze-lanak eginda, Motrollu proiektuaren 2021eko berdefinizioa egin beharko dutela adierazi dute, eta hori egiteko guztien iritzi eta gurariak kontuan izango dituzte. “Horretarako, ezinbestekoa izango da herritarren parte-hartze aktiboa bilatuko duen iritzi emate eta erabakitze prozesu kolektiboa gauzatzea, helburuak eta lehentasunak definitzeko”, azaldu dute. Diotenez, esandako hori bideratzen hasteko, beharrezkoa da Motrollu mendirako auzolanean aurreikusitakoak egitea, «egitasmoak eduki ditzakeen onurak eta baso-lurrekin zer egin daitekeen guztiei ikustarazteko”.
Auzolanean ingurua garbitzeko deialdi gehiago egingo dituzte ekainean
Aurrekariak. Motrollu mendiko herri-lurretan Motrollu Herriko Mendia Aisia, Kirola eta Kultura proiektua garatzeko lehenengo pausuak duela zenbait legealdi eman zituzten. Izan ere, pinua sartuz gero, «berezia den toki horretaz gozatzea ezinezkoa» izango litzatekeela uste zuten. Tomas Maizek idatzi zuen proiektua, eta haren oinarrian zeuden bertoko landaretzaren eta paisaiaren egoeraren ardura.
Proiektuaren lehen fasea orain dela urte batzuk garatu zuten, Motrollu mendiak eskaintzen dituen baldintzak aprobetxatzeko helburuagaz, “bereziki herriko biztanleen aisiarako”. Lehen fase horretan haritzak, pagoak eta gaztainondoak landatu ziren 550 metro ingurura arte, eta 592 metro inguruan dagoen gailurrean belarrak eta sasiak garbitu zituzten, “gailurretik ikus daitezkeen bistak babesteko”. Gero proiektuak ez zuen aurrera egin eta egindako landaketa sasi eta belarrek tapatu zuten.