Energia berdea erabiltzen hasteko kanpaina abiarazi dute Ziortza-Bolibarren, Goienerren eskutik
Energia kutsagarriak kontsumitzeari uzteko deia egin dute, eta alternatiba egokienetariko bat Goiener kooperatiba dela esan dute. Ekainaren 5ean herrian ospatuko duten Konpost Egunean gaiaren inguruko argibideak jasotzeko aukera egongo da.
Egungo krisi ekologikoaren aurrean, trantsizio energetikoaren aldeko pausoak eman beharra dagoela uste dute Ziortza-Bolibarren. Hala, energia kutsagarriak kontsumitzeari utzi eta “osotasunean” energia berdea erabiltzen hasteko kanpaina abiarazi dute hainbat herritarrek, udalak eta Markola guraso elkarteak, jubilauen elkarteak eta Aranbaltz kultur elkarteak. Alternatiba egokienetariko bat Goiener kooperatiba dela diote, eta herritarrak bazkide egitera animatu dituzte: “Argi kontratuak bide horretan aurrerapausoak emateko tresna paregabea dira”.
Goienerren bazkide egitea klima aldaketari aurre egiteko “era eraginkorra” dela eta kooperatiba “irabazi asmorik gabekoa” dela diote. “Tokian tokiko eta herri txikien ekonomiaren aldeko filosofia dauka. Goienerren bazkide eginez, energia burujabetza lortzeko pausoak ematen dira. Horrez gain, Goienerrekin gehiegizko potentzia kontratazioak saihestu eta etxeko ekonomian dirua aurreztu daiteke”. Horren adibide modura, esan dute herriko zenbait etxebizitzetan potentzia doitu dutela, eta argi fakturan “jaitsiera nabarmena” eduki dutela.
Eredu aldaketa bat beharreazkoa dela diote. “Kontratu konbentzionalekin, ezagunak diren enpresa multinazionalak aberasten ditugu, geure buruari eta lurrari kalte eginez. Geure osasuna eta gaure buruak zaintzeko garaia da”
Gaian interesa duten herritarrek ekainaren 5ean herrian ospatuko duten Konpost Egunean gaiaren inguruko argibideak jasotzeko aukera edukiko dute. Izan ere, egun horretan, 11:00etan, Goienerreko kideek argi fakturen inguruko argibideak eta aholkularitza emango diete plazan ipiniko duten gunera hurreratzen direnei.
Oro har, herritarrek esan dute berotze global azkarra eragiten ari den klima aldaketari “denen artean” erantzun behar zaiola. “Berotegi efektua eragiten duten gasen emisioa nabarmen murriztu beharra dago. Eredu aldaketa bat beharrezkoa da. Izan ere, kontratu konbentzionalekin, ezagunak diren enpresa multinazionalak aberasten ditugu, geure buruari eta lurrari kalte eginez; enpresa horiek elektrizitatea sortzeko bide kutsagarriak erabiltzen dituzte. Geure osasuna eta geure buruak zaintzeko garaia da”.