Isuntza hondartzan ez erretzeko gonbitea egingo du Osasun Sailak
Isuntzagaz batera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako beste zazpi hondartzatan egin dute gonbidapena. Kerik gabeko hondartzen proposamena ekainaren 15ean hasiko da.
Tabakoaren kerik gabeko Bizkai, Araba eta Gipuzkoa baterantz aurrera egiten jarraitu asmoz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, aurtengo udan, lehen esperientzia bat abiaraziko du zortzi hondartzatan, tartean Lekeitioko Isuntzan. Proiektu pilotuak hurrengo gonbitea egiten du: erabiltzaileak hondartzan dauden bitartean ez erretzea.
Isuntzagaz batera, honakoek parte hartuko dute Osasun Sailaren proiektu pilotuan: Ibarrangeluko Laga eta Laida, Mundakako Laidatxu eta Hondartzape, Zumaiako Santiago eta Itzurun eta Burgeluko Garaioko iparraldea.
Azaldu dutenez, helburua tabako kontsumoa desnormalizatzea da, bai eta kerik gabeko giroa sortzea ere, “adingabe ugari dauden aisialdiko gune horietan kontsumo pasiborik egon ez dadin”. Era berean, zigarreta-puntak espazio horietan kutsatzeko objektu ohikoenak izan ez daitezen lortu gura dute, baita natura-erakargarritasuna areagotzen lagundu ere. 2021eko udan, proiektu pilotua abiaraziko da udalerri horietan, 2022an Tabako Kerik Gabeko Hondartzen Euskadiko Sarea eratzeko asmoz.
Kerik gabeko hondartzen proposamena ekainaren 15ean hasiko da. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu du ez dela zigor ekimen bat, baizik eta banako konpromisoan eta kolektiboan oinarritzen den ekintza bat: “Hondartzan dauden bitartean ez erretzeko konpromisoa hartzeko gonbidapena da, helburu dugun kerik gabeko Bizkai, Araba eta Gipuzkoan aurrera egiteko”.
Sagarduik jakinarazi du 2020an 7.820 pertsona hasi zirela tabakoa erretzeari uzteko Osakidetzaren programaren batekin; aurreko urtean (2.059) baino hiru aldiz gehiago. Gainera, 2020ko urtarriletik, Osasun Saila erretzeari uzteko medikamentuak finantzatzen hasi zela gogorarazi du, horretarako inbertsioa ia 2 milioi eurokoa izan dela nabarmenduta.
Gainera, Sagarduik gogorarazi du egungo pandemiaren egoeran erretzaileek arrisku handiagoa dutela COVID-19aren ondorioz sintoma larriak garatzeko eta hiltzeko.