Bidarte Dorreko Parkeaz kezkatuta daudela dio Markina-Xemeingo EH Bilduk
Mantentze lanak nork egingo dituen eta nola den posible parkea abuztuan itxita egotea galdetzen dute, besteak beste.
Murga basoaren irekierak herritarrentzako onura batzuk dakartzala ukatzen ez duten arren, Bidarte Dorreko Parkearen edo Murga basoaren irekierak zenbait galdera eta kezka eragiten diela adierazi du Markina-Xemeingo EH Bilduk. Azaldu dutenez, “eremu pribatu baten 58.000 euroko kostua izan duten lanak egin dira”, eta mantentze hori nork egingo duen eta horren balorazioa egin den galdetzen dute.
Abuztuan parkea herritarrentzako itxita egotea ere zelan onartu daitekeen galdetzen dute: “Nola onar daiteke baldintza hori parkeak erabilpen handienetarikoa izango duen hilabete izanik?”.
Basoen egoera “larria” dela dio koalizioak, baina horren aurrean “udalak ez duela plangintzarik”: Hau al da EAJren basogintza eredua?”.
Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lea Artibai Amankomunazgoaren txostenak gauzatu baino lehen egindako lanek ingurumenean “kalteak” eragin zituztela gaineratu dute.