Ehunka sinadura bildu dituzte Amoroton eta Mendexan osasun zerbitzuaren aurrez aurreko arreta eskatzeko
Mendexan 180 sinaduratik gora bildu eta 90 erreklamazio orritik gora jaso zituzten domekan. Amoroton 160 baino gehiago jaso zituzten, eta herritar askok hartu zituzten bakarkako erreklamazio orriak.
Maiatzaren 17tik osasun zerbitzuaren aurrez aurreko arretarik ez daukate Amoroton eta Mendexan, eta zerbitzua lehenbailehen berrezartzeko mobilizatu dira herritarrak. Domekan [maiatzak 30] sinadura bilketak egin zituzten bi herrietako plazetan. Mendexan 180 sinaduratik gora bildu eta 90 erreklamazio orritik gora jaso zituzten herritarrek. Amoroton 160 baino gehiago jaso zituzten, eta herritar askok hartu zituzten bakarkako erreklamazio orriak. Horrez gain, euren aldarria Lekeitioko kaleetara ere zabaldu zuten zapatuan [maiatzak 29], pentsionisten deialdiagaz bat eginez.
Azken urteetan bi udalerriotan arreta eman dien medikuak lekualdaketa eskatu zuen, eta haren plaza ez dute bete, momentuz. Barrualde-Galdakao ESIko arduradunek plaza esleitu bitartean ordezkapen bidez beteko zutela hitz eman zieten, baina, ez daukate ordezkorik, eta ondorioz, Lekeitioko anbulatoriora joan beharra daukate aurrez aurreko zerbitzua jaso nahi badute.
Herrian medikua behar dutela eta, “arduratuta eta haserre” daude, eta egoera “jasanezina” dela diote: “Azken astean hitzordua zeukatenak eta atea itxita aurkitu zutenak, telefonoz ezagutzen ez zuten mediku bati azalpenak ematen ikusi direnak, larrialdi zerbitzuak erabiltzera behartuak ikusi direnak, eta beste hainbeste egoera tamalgarrian daude”. Hamaika dira euren kezka, zalantza eta erreklamazioak. Besteak beste, euren herrietan prebentzio medikuntza ez edukitzeagatik, adinekoen eta gaixo kronikoen egoerak kezkatzen ditu, eta galdegin dute garraio publikoari dagokionez dituzten “gabeziez” jakitun ote diren osasun arduradunak.
Esan dutenez, inguruko herrietara ere zabaltzen ari dira kezkak, izan ere, Mendexa eta Amoroton medikurik ez izateak inguruko herrietan ere “eragin zuzena” daukala deritzote: “Horietan jada gainezka dauden osasun langileen gainkarga areagotu da. Mezua bat eta bakarra da: mediku kontsultategia behar dugu, eta ez gara geldituko! Lortuko dugu!”.