Domekan jokatuko diren Lekeitioko banderak aurkeztu dituzte
Gizonezkoen Lekeitioko 42. eta emakumeen 10. banderak lehiatuko dira. Emakumeen hiru txanda eta gizonezkoen lau txanda egongo dira.
Lekeitioko Gizonezkoen 42. eta Emakumeen 10. banderak jokatuko dira domekan [ekainak 6] Lekeitioko uretan. 11:00etan hasiko dira estropadak, eta momentu honetan egon daitekeen parte hartzerik handiena edukiko dutela iragarri dute Santi Zumaran Isuntza Arraun Elkarteko lehendakariak eta Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkateak gaur [ekainak 1] goizean Lekeitioko udaletxean egindako aurkezpenean.
Estropada bi zatitan banatuko da, lehenik eta behin, emakumezkoen tripulazioz osatutako hiru txanda jokatuko dira, eta ondoren, gizonezkoen txandak hasiko dira; lau txandatan ariko dira gizonezkoak.
Txanden banaketari dagokionez, emakumeen lehenengo txandan Deusto, San Juan eta Isuntza egongo dira; bigarren txandan Tolosaldea, Hibaika, Zumaia eta Ondarroa eta hirugarren txandan Hondarribia, Orio, Donostiarra eta Arraun Lagunak. “Pentsatzen dut neska mailan gaur egun egon daiteken lehiaketarik politena dela”, adierazi du Zumaranek.
Mutilen mailan, lehenengo txandan Arkote, Portugalete, Busturialdea eta Mutriku ariko dira, bigarren txandan doaz Kaiku, San Pedro, Getaria eta Deusto, hirugarren txandan, Donostiarra, Isuntza, Ondarroa eta Zarautz, eta laugarrenean, Hondarribia, Bermeo, Orio eta Zierbena egongo dira. “Pena bat izan da Santurtzi ez egotea, baina arazo batzuk direla-eta ezin izan du etorri. Beste klub batzuk ere etorri nahi izan dute, baina momentuko egoeragatik ezin izan da. Abadeen moila obretan dago eta ez dago lekua traineru denentzako”.
Estropadaren luzera 5.556 metrokoa izango da. Gizonezkoen traineruek lau luze eta hiru ziaboga bete beharko dituzte eta emakumezkoen estropada bi luze eta ziaboga batera izango da. “Traineru bakoitzaren indarrak neurtzeko estropada polit bat izango da”, adierazi du alkateak.
Emaitza onak. Oso pozik agertu da Zumaran gaurko aurkezpenean. Lekeitioko klubak horrelako emaitzarik ez duela eduki aspaldian esan du, neska-mutilek estropada zoragarriak egin dituztela azpimarratuz. “Lehen postuetan ibili dira eta gure esker ona erakutsi nahi diegu. Kadete zein gazte mailetan Bizkaiko Banderak ekarri dira aurten, eta harro egotekoa da”.
Jakitera eman duenez, 170-180 arraunlari ditu klubak, eta COVID-19 pandemia dela eta beste modu batera antolatzen ikasi dutela gaineratu du, “bestela ezinezkoa izango zen hau guztiau aurrera eramatea”.
Alkateak eskerrak eman dizkio Isuntzari estropadak antolatu eta gazteak kirolera hurreratzeagatik. “Azken asteetan ikusi dugu badaukagula harrobia, Espainiako txapelketan egon gara, Euskadiko eta Bizkaiko banderak lortu ditugu. Ematen du arraunak badaukala etorkizuna Lekeition, eta eskerrak eman nahi dizkiot Isuntzari, eurei esker zaletasun hori mantentzen delako”.
Lekeitioko Banderagaz gainera, beste lau estropada egongo dira uztailean Lekeition:
- Uztailak 11. ETE emakumeen ligako estropada
- Uztailak 14. Bizkaiko traineru txapelketa
- Uztailak 21. Euskadiko traineru txapelketa
- Uztailak 25. TKEko traineru estropadak