Erik Mendizabalek nagusitasunez irabazi du Hiruko Koroa
Bikoteka, atzelarien sailkapenean Ibon Aldazabal berriatuarra bigarrena izan da. Ekaitz Mendizabal 'Goixarri' mutrikuarra eta Eñaut Salegi markina-xemeindarra gaur [ekainak 1] arratsaldean ailegatu dira Euskal Herrira, eta Aldazabal atzo [maiatzak 31] heldu zen.
Erik Mendizabal mutrikuarrak bere maisutasuna erakutsi du beste behin, Dania Jai Alairen denboraldian. Bakarkako eta binakako txapelketak eta kiniela gehien irabazita, Hiruko Koroa bereganatu du berriro ere, eta alde nabarmena atera die gainontzeko sailkatuei.
Kinielen sailkapenean (Most Wins), 159 kinielagaz nagusitu da mutrikuarra. Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernikarrak sailkatu dira bigarren eta hirugarren, 111 kiniela eta 96 kiniela lortuta, hurrenez hurren.
Bakarkako txapelketan sailkatutako lehenengo hirurak aurrelariak dira. 28 garaipenekin lortu du titulua Mendizabalek. Hamasei irabazi ditu Barandika bigarren sailkatuak, eta Iñigo Gorostola Arrieta sailkatu da hirugarren, hamabost kinielagaz.
Bikotekako txapelketan, aurrelari onenaren eta atzelari onenaren sailkapenak bereizten dituzte, eta puntistak txandakatu egiten dira, ez dute beti bikote beragaz jokatzen. Aurrelarietan onena izan da Mendizabal, 29 kinielatan garaipena eskuratuta. Barandika bigarrenak hemeretzi eta Jon Zulaika donostiarrak hamabost pilatu dituzte. Atzelariei dagokienez, Lekerika izan da onena, 20 kinielatan nagusituta. Ibon Aldazabal berriatuarra bigarren geratu da Ruben Bailo nafarra hirugarrenagaz, hamalauna kinielagaz berdinduta. Noaingo atzelaria AEBtako frontoietaik agurtu da, eta agurrean bere taldekideengandik omenaldi beroa jaso zuen.
Etxera bueltan. Daniako denboraldia amaituta, Euskal Herrira bueltatzeko ordua heldu zaie puntista euskaldunei. Ekaitz Mendizabal Goixarri mutrikuarra eta Eñaut Salegi markina-xemeindarra gaur [ekainak 1] arratsaldean ailegatu dira Euskal Herrira, eta Aldazabal atzo [maiatzak 31] heldu zen.
Euskal Herrian lehiatuko dituzten txapelketa batzuen datak zehaztu gabe dituzte oraindik, baina, udako denboraldian hemen jokatuko dutela baieztatu dute Aldazabalek, Barandikak eta Lekerikak.