Markina-Xemein inguruan desagertutako 82 urteko gizon baten bila ari dira
Gizonaren senideek Ertzaintzari jakinarazi ziotenez, atzo [maiatzak 31] arratsaldean irten zen etxetik eta ez zen itzuli. Helikopteroa batu da gaur [ekainak 1] bilaketara.
Jose Pagaegi Basterretxea, 82 urtekoa, astelehen [maiatzak 31] arratsaldean atera zen etxetik, eta, itzultzen ez zela ikusita, haren familiak desagerpena salatu zuen gauean, eta orduan ekin zioten bilaketari.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atzo [maiatzak 31] 22:30ak aldera jarri zuten martxan miaketa operatiboa, SOS Deiakek koordinatuta, eta bilaketagaz jarraitzen dute. Suhiltzaileak, DYA, Txakurren Erreskate Taldea eta Gurutze Gorriko langileak ari dira bilaketa lanetan parte hartzen, eta gaur [ekainak 1] goizean, 09:00ak aldera, Ertzaintzaren helikopteroa batu zaie. Jakitera eman dutenez, urpekaritzako zein mendiko erreskate unitateak ari dira bilaketan parte hartzen.
Markina-Xemein inguruetan ari dira bila, eta aginte-postu aurreratua futbol-zelaiaren inguruan jarri dute.
SOS Deiak-ek desagertuaren irudia eta deskribapena argitaratu ditu, herritarren laguntza eske. Azaldu dutenez, altua da eta begi argiak ditu, eta praka bakeroak eta alkandora koadrodunak janzten ditu. Informaziorik izanez gero 112-ra deitzeko eskaria egin dute.
Ertzaintzak HITZAri jakinarazi dionez, bilaketa lanetan jarraituko dute, baina zehaztu dute ezin dutela zehaztu gauez ere bilaketagaz jarraituko duten edo ez.
Búsqueda varón 82 años en #markina. Activación búsqueda @112_SOSDeiak . @DYABizkaia en el lugar. pic.twitter.com/r9PzYOCCUv
— DYA Bizkaia (@DYABizkaia) June 1, 2021