Dena prest Etxebarriko Elizpe Rock jaialdirako
Barikuan [ekainak 4] eta zapatuan [ekainak 5] egongo dira kontzertuak. Musikagaz gainera, beste kultur ekimen batzuk gehitu dituzte aurtengo egitaraura.
Elizpe Rock jaialdia Etxebarriko elizpera itzuliko da aurten. Bi eguneko egitaraua izango du, gainera, barikuan [ekainak 4] eta zapatuan [ekainak 5] egongo dira kontzertuak. Baina, Elizpe Rock aurten ez da bakarrik musikara mugatuko, beste kultur arlo batzuei ere zabalduko dizkie ateak.
COVID-19 pandemiaren ondorioz Etxebarria gorriz zegoela-eta ekainera atzeratu behar izan zuten jaialdia antolatzaileek: “Segurtasun neurriak beteta, kultura segurua dela argi utzi nahi dugu, eta horregatik erabaki dugu jaialdiagaz aurrera egitea”. Azaldu dutenez, beraz, kontzertuetako edukiera mugatuta egongo da eta entzuleek jarrita egon beharko dute. “Tenperatura neurtuko da sarreran eta maskara jarrita eduki beharko da. Ezingo da ez erre ez edan”, zehaztu dute.
Pandemiak eragozpenak sortu dizkie jaialdia antolatzerako orduan ere. “Taldeak aurkitu ezinik ibili gara konfinamenduak direla eta. Zoramena izan da, baina oztopoak oztopo jaialdia aurrera atera ahal izan dugu”.
Egitaraua. Ohi modura eskualdeko taldeak izango dira jaialdiko protagonistak. Barikuan kontzertu bi egongo dira, 18:00etan Markina-Xemeingo Seccion Destroy taldeak joko du eta 20:00etan No Name Tiriti aterako dira elizpeko oholtzara.
Zapatuan, berriz, egun osoko egitaraua egongo da. 11:00etatik aurrera merkatu alternatibo bat egongo da eskualdeko artisauekin. “Era askotako artisautza, baina batez ere arropak, liburuak eta diskoak egongo dira aukeran, eta egun osoan egongo da zabalik”. Eta, 13:00etan, Markina-Xemeingo EUP! irratiko eta Ondarroako Radixuko kideekin irratsaio berezi bat egin nahi dute. “Gai ezberdinei buruzko elkarrizketak egingo diete beste batzuen artean irratietako kideei, jaialdiko antolatzaileei, beste kontzertu batzuetako antolatzaile batzuei”. Irratsaioa elizpetik bertatik egingo da.
16:00etan hasiko dira kontzertuak. Lehenengo herriko gazteen emanaldia egongo da. Azaldu dutenez, ETX kultur elkartearen eskutik trikitixa ikastaroa eduki dute herriko gazteek, eta kontzertu txiki bat eskainiko dute. “Herriko umeek, beraz, euren lekua edukiko dute Elizpe Rocken”. Ondoren, Shibari ondarrutarrek aurkezpen kontzertua eskainiko dute, eta ostean Etxebarriko GRIP aterako da oholtzara. Dena talde ondarrutarrak eta Saia Goait mutrikuarrek osatuko dute egitaraua.
Kontzertu batetik bestera tarte bat egongo dela azaldu dute antolatzaileek. “Leku batean jarrita egotea luzeegia ez egiteko, kontzertuen artean mugitzeko aukera edukiko dute entzuleek”.
Bestalde, zapatu goizetik hasita horma-irudi bat margotuko dute, denen artean, egurrezko panel batean. Jakitera eman dutenez, Elizpe Rock loratzen horma-irudia egiteko proiektua daukate esku artean, eta horma-irudi hori margotzeagaz gainera, proiektua gauzatu ahal izateko sinadurak bilduko dituzte.