Konpost Egunagaz auzo eta autokonposta sustatu nahi dituzte Ziortza-Bolibarren
Zapatuan [ekainak 5] ospatuko dute Konpost Eguna, udalak eta Lea-Artibai Amankomunazgoak antolatuta. Askotariko ekintzak egingo dituzte eta, besteak beste, konposta eta landare bat oparituko dizkiete herritarrei.
Konpost Eguna Ziortza-Bolibarko Udalak eta Lea-Artibai Amankomunazgoak elkarlanean antolatuta egingo da. Ekintza horregaz, herritarrak auzo edo autokonposta egitera animatu nahi dituzte.
Ekintzak. Alde batetik, 11:00etatik 13:30era bitartean zabor bilketaren inguruko informazioa emango dute plazan ipiniko duten karpan. Leku berean herriko edo inguruko ekoizleen azoka txiki bat ere egongo dela aurreratu dute. «Horretan herriko arrautzak, barazkiak eta inguruko gazta erosteko aukera egongo da».
Bestetik, Goiener kooperatibako kide batek argi fakturei buruzko hitzaldi bat eskainiko du, 11:00etan, plazan. Ekintza hori jubilatuen elkarteak, Markola guraso elkarteak, Aranbaltz kultur elkarteak, norbanakoek eta udalak antolatuta dago.
Landare bat eta konposta opari. Gainera, plazara hurreratzen direnei piper landare bat eta herrian egindako konposta oparituko dizkiete. Horrez gain, auzokonposta egiteko izena ematen dutenei hondakinak etxolara eramateko ontzia emango diete. Eta autokonposta egiteko izena ematen dutenek horretarako materiala eskatu ahalko dute.
Dena dela, auzo edo autokonposta egitea «deseroso» egiten zaien herritarrei gogorarazi diete Iruzubietan eta Elizalden bosgarren edukiontziaren sistema ere eskura daukatela. «Sistema horregaz organikoa errefusagaz nahastea saihesten da, baina ez garraioaren kutsadura. Hori aukeratzen dutenek hondakinak sailkatzeko materiala eskatzeko aukera edukiko dute».
Azaldu dute auzo edo autokonposta egiteak herriari «izugarrizko» ekarpena egiten diola
Oro har, udalak balioan jarri nahi ditu etxeko zaborra ondo sailkatu eta herrian kudeatzeko ahalegina egiten duten herritarrak. «Gure hondakin eta zaborren inguruan arduratsu jokatu eta kudeaketa ona egiteko orduan izugarrizko garrantzia dauka zaborra ondo bereizteak. Izan ere, hori egiten ez bada zaborra zabortegi eta erraustegietara bideratzen da, eta horrek airean eta kliman arazo ekologiko larriak eragiten ditu».
Azaldu dute auzo edo autokonposta egiteak herriari «izugarrizko» ekarpena egiten diola: «Alde batetik, hondakin organikoak ez dira erretzen eta errauskailuen kaltea gutxitzen da. Bestetik, zaborraren garraioak sortzen duen kutsadura saihesten da eta horrek herriko ekonomia hobetzen du. Gainera, konposta eginda lurrari mesede itzela egiten dion ongarri naturala lortzen dugu». Arrazoi horiengatik guztiengatik, herritarrak bide hori hartzera animatu dituzte.