Markina-Xemeinen desagertutako gizonaren bila jarraitzen dute
Larrialdi Zerbitzuetakoek bilaketa lanei ekin diete berriro gaur [ekainak 2] goizean. Bilaketan lagundu nahi duten boluntarioek Barroetara joan behar dute, han bai dago aginte postu aurreratua. Gaur 150 boluntario inguru batu dira bilaketa lanetara.
Astelehen [maiatzak 31] iluntzetik falta den Jose Pagaegi Meabebasterretxearen berririk ez dago oraindik. GaurĀ [ekainak 2] 08:00etan bilaketari ekin diote berriro Larrialdi Zerbitzuetakoek, eta 09:00etan batu zaie helikopteroa. HITZAk jakin ahal izan duenez, 21:00etan bilaketa lanak eteten dituzte, eta hurrengo egunean 08:00etan hasten dira.
Bilaketan lagundu nahi duten boluntarioen laguntza ere eskatu dute, Pagaegi ahalik eta azkarren aurkitu ahal izateko. Boluntarioak Barroetara joan behar dira; aginte postu aurreratua Barroetan jarri dute eta bertatik ari dira-eta koordinatzen bilaketa, eta bertan antolatzen dituzte bilaketa taldeak.
Herritarrak erakusten ari diren elkartasuna eta babesa eskertu nahi izan ditu Pagaegiren familiak. “Berri onik ez badugu ere, albisterik onena jasotzen ari garen babesa da”, adierazi dute.
Guztira 150 lagunetik gora hurreratu dira gaur [ekainak 2] Larrialdi Zerbitzuetakoek Barroetan jarri duten bilaketa operatiboko postura.
Bilaketa eremua. Azaldu dutenez, Pagaegi ibiltzen zen inguruetatik hasi ziren bilaketa lanak, baina orduak pasatu ahala eremua zabalduz joan dira. Hala, Markina-Xemeingo inguru guztietan miatzen ari dira. Presa guztiak begiratu dituzte eta Arizmendikoa bigarrenez aztertu dute gaur [ekainak 2]. Markina-Xemeingo Suhitzaileen parkekoak eta udaleko brigadak eta Udaltzaingoa ere txoko guztiak ikuskatzen ari direla esan dute. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea dronekin bila aritu da gaur [ekainak 2]. Munibe jauregiko lurretan ere egin dituzte miaketak.
Astelehenean [maiatzak 31]. Jose Pagaegi Meabebasterretxea, 82 urtekoa, astelehen arratsaldean atera zen etxetik, eta, itzultzen ez zela ikusita, haren familiak desagerpena salatu zuen gauean, eta orduan ekin zioten bilaketari.
Herenegun [maiatzak 31] 22:30ak aldera jarri zuten martxan miaketa operatiboa, SOS Deiakek koordinatuta, eta bilaketagaz jarraitzen dute. Suhiltzaileak, DYA, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea eta Gurutze Gorriko langileak ari dira bilaketa lanetan parte hartzen.
SOS Deiak-ek desagertuaren irudia eta deskribapena argitaratu dute, herritarren laguntza eske. Azaldu dutenez, altua da eta begi argiak ditu, eta praka bakeroak eta alkandora koadrodunak janzten ditu. Informaziorik izanez gero 112-ra deitzeko eskaria egin dute.