Mutriku Sokatira Taldekoek 640 kiloko azken jardunaldia lehiatuko dute
Laukizen egingo dute Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren hirugarren eta azkenengo jardunaldia, zapatuan [ekainak 5].
2021eko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren 640 kiloko kategoriaren azkenengo jardunaldia jokatuko dute zapatuan [ekainak 5] Laukizen, 17:00etan.
Hiru jardunaldietako puntuen batuketak (Mutriku, Hernani eta Laukiz) erabakiko du zein taldek jantziko duen 640 kiloko aurtengo txapela. Txapela lortzeko lehia Gaztedi A eta Goiherriren artean dago, puntu bakarreko aldearekin; 13,5 puntu ditu Gaztedik eta 12, 5 puntu Goiherrik. Hain zuzen, 680 kiloko kategoriaren jardunaldi guztietan eta 640 kilokoaren lehenengo bietan horiek geratu ziren lehenengo bi postuetan. Mutrikuk 8 puntu bildu ditu orain arteko bi jardunaldietan.
Aurreko zapatuan [maiatzak 29], Hernanin lehiatu zute 640 kiloko bigarren jardunaldia, eta Mutriku Sokatira Taldea laugarren sailkatu zen, 4 puntugaz. Gaztedi Ari 6,5 puntu eman zizkioten, baita Goiherriri ere eta Gaztedi B hirugarrenari 5 puntu. Mutrikuren atzetik sailkatu ziren Akelarre (3 puntu), Getxo (2 puntu) eta Gaztedi C (puntu 1).
Javi Urresti Mutriku Sokatira Taldeko kideak esan duenez, euren maila emango dute Laukizen, eta laugarren eta hirugarren postuetan sartzeko “borrokatuko” dira: “Taldean hiru baja ditugu. Gabiltzan moduan ibilita, maila nahikoa polita ematen gabiltza. Hernanira taldekide bat erdi errekuperatuta joan zen, baina min gehiago eduki aurretik aldatu egin genuen. Behintzat laugarren postua lortu genuen, hor mantendu ginen. Ea lesionatutako kide bat behintzat errekuperatzen den finalerako, eta behintzat hasieratik sartu ahal dugun eta gero aldatu. Aldaketak egiteko nahikoa justu gabiltza, min hartutakoez gain, gazteek ikasketekin ere uztartu behar dute sokatira eta, batzuk ezin izaten dira beti etorri”.