Bizikletak konpontzeko gune bat ipiniko dute Ondarroan
Konponketa txikiak eta mantenu lanak egiteko beharrezko tresnak ipiniko dituzte eskuragarri Zaldupen, bizikletak garbitzen diren lekuaren parean.
Bizkaiko Foru Aldundiak bizikletak konpontzeko gune bat instalatuko du Ondarroan; egitura udan prest egotea aurreikusten dute. Gunea Zaldupen ipintzea eskatu du udalak, bizikletak garbitzeko lekua dagoen tokiaren parean. “Aldundiak Itsasaurre zubian jartzea proposatu zuen, baina udalak baliabide hori Zaldupen ipintzea eskatu du, bizikletak garbitzen diren lekuaren parean, konponketak egiteko gune lasaiagoa dela iritzita”.
Zutoin bat ipiniko dute, eta han bizikleten konponketa txikiak eta mantenu lanak doan egiteko beharrezko tresnak egongo dira eskuragarri. Besteak beste, gurpilak puztu edota aldatu, torlojuak estutu, balaztak doitu edota zulaketak konpondu ahalko dira. Lan horiek guztiak “erosotasunez” egiteko, gainera, zutoinak berak bizikleta eutsi eta zintzilikatzeko besoak edukiko ditu.