Eskalada sustatzeko kirol talde berria sortu dute Ondarroan: Arbide Eskalada Taldea
Aurrera Mendi Taldearen barruan jaio da Arbide Eskalada Taldea. Bertan, herrian eskaladan aritzen diren hainbat gazte afizionatu elkartu dira ilusioz bete, herrian eskalada sendotzeko eta egonkortzeko helburuagaz.
Eskalada arloan lan egiteko eta dituzten “egonezin eta gabeziei “erantzuna emateko sortu dute Arbide Eskalada Taldea. Gabezia horiei erantzuteko nahiagaz, proiektu berria ere badaukate esku artean: San Ignazio kaleko rokodromo berria. Agertu dutenez, urte askoan rokodromo berria eskatzen aritu dira, eta Ondarroako Udalaren laguntzari esker, herriko jendea eskaladan trebatzeko kirol gune berri bat zabaldu ahal izango dute.
Lokala oraindik hutsik badago ere, rokodromoa eraikitzeko proiektuan buru-belarri jarrita daudela agertu dute; laster hasiko dira obran. “Dena lotzen ari gara, ahalik-eta arinen martxan hasteko; gure asmoa da ahal badugu ekainean obran hastea. Lehen pausoak ematen hasita gaude: material hornitzaileekin berbetan ari gara, eta instalazioaren planoak eginda ditugu, besteak beste”.
Instalazio berrian eskaladan aritzeko lau bider toki gehiago edukiko dute
Lehendik ere badago eskalatzeko gune bat Zaldupe udal kiroldegian, baina diotenez, “motz” geratu zaie. “Herrian eskaladarako zaletasun handia dago, baina gure beharrei erantzuteko lokal egoki bat behar dugu. Egungo instalazioa oso txikia da, eta ez ditu beharrezko gutxiengo batzuk betetzen”. Iragarri dutenez, instalazio berrian eskaladan aritzeko espazio gehiago edukiko dute; lau bider toki gehiago. “Kiroldegiko eskalada guneak 14-15 metro lineal eta 3 metroko altuera ditu. Planteatzen dugunak, berriz, 58 metro lineal edukiko ditu, eta 1,5 metro gehiagoko altuera, hau da, 4,5 metroko altuera edukiko du denetara”.
Eskaladan trebatu nahi dutenek, gainera, “erosoago” entrenatzeko aukera edukiko dutela diote. “Gaur egungo instalazioak dituen dimentsioengatik alboketara eskalatu behar izaten dugu nahitaez”. Eskaladako gune berrian, gainera, aldi berean gauza gehiago egiteko aukera ere edukiko dutela nabarmendu dute. “Ikastaroak egiten ari direnek eta erabiltzaileek aldi berean erabili ahal izango dute instalazioa. Horrek, modu horretara, astean egun gehiagotan eskolak ematea ahalbidetuko digu”.
Proiektua herritartzea ere beharrezkoa dela diote. Indarrak batu eta proiektua aurrera ateratzeko eta babesteko bazkide kanpaina abiarazi dute. Aitortu dutenez, laguntza ekonomikoa eta ingurukoen babesa ezinbestekoa izango da rokodromo berriaren ametsa egi bihurtzeko. Interesa daukan edozeinek ateak zabalik aurkituko dituela jakinarazi dute. “Proiektuaren parte izan nahi duten herritarrei egiten diegu deialdia”.
Ekainaren 12an, egun guztiko jai bat antolatu dute. Taldea eta eskalada ezagutzera emateko baliatuko dute eguna
Kanpainari buruzko informazio gehiago eta baldintzak ezagutzeko taldeko kideekin jarri beharko da hartu-emanetan. Proiektuagaz bat egin nahi duten norbanakoek eta familiek arbideskalada@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 688 80 05 06 telefono zenbakira WhatsApp mezu bat bidali beharko dute. “Gugaz kontaktuan jartzen direnei proiektuari buruzko informazio guztia emango diegu. Zer erabiltzaile eta bazkide mota dauden, zelan doan ekarpen ekonomikoaren gaia, zelan antolatzen garen… Dagokion informazio guztia emango diegu. Bestela, etorri guregana, eta azalduko dizkiegu proiektuaren nondik norakoak”.
Maite duten kirolari ahalik-eta zabalkunde handiena ematea da taldeak daukan beste helburuetako bat. Orain arte egin modura, ikastaroak eskaintzen jarraituko dutela agertu dute. “Helduentzako zein haurrentzako ikastaroak antolatzeko asmoa daukagu, maila guztietan. Ikastetxeekin ere harremanetan jarri nahi dugu; umeek txikitatik eskaladagaz lehenengo kontaktua edukitzea da gure nahia. Horiez gain, irteerak ere antolatzeko asmoa daukagu. Gure asmoa da eskalada ahalik-eta jende gehienengana ailegatzea”.
Eskaladari zabalkundea eman asmoz, kirolari buruzko jardunaldiak antolatzeko asmoa daukate. “Aurrera begira, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak… ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu nahi ditugu”. Horretan, herritar guztiei zuzendutako lehenengo proposamena mahai gainean jarrita dute. Ekainaren 12an, egun guztiko jai bat antolatu dute. Taldea eta eskalada ezagutzera emateko baliatuko dute jardunaldia. “Herriko hainbat txokotan, tirolina bat, rokodromo bat, rappela egiteko txoko bat… eskaladagaz zerikusia daukaten gauza ezberdinak egiteko aukera egongo da. Nahi duen jende guztiak hurreratzeko aukera edukiko du”.
Ekainaren 12ko jaia:
- Kantoipen
- 11:00-13:30. Rappela eta arku tiroa.
- Alamedan
- Egun osoan. Rokodromoa, txosna eta kamiseta salmenta.
- Musika plaza-Alamedan
- 11:00-13:30. Tirolina.