Ibaiondoko aparkalekuak bost urterako hartzeko aukera emango du Ondarroako Udalak
Uztailean zabalduko dute izena emateko epea. Bi solairutan banatuta dauden 137 aparkalekuetatik 106 geratzen dira libre.
Txomin Agirre ikastolaren sotoan dauden aparkalekuetan izena emateko hirugarren deialdia zabalduko du laster Ondarroako Udalak. Partzelak orain arte 30 urterako hartzeko aukera zuten herritarrek, baina aparkalekuak bete ez direla eta dauden zailtasunak ikusita, formula aldatzea erabaki dute: bost urterako emakidan hartzeko aukera emango dute. Aurreikuspenen arabera, uztailean zabalduko dute izena emateko epea. “Maiatzaren 6ko udalbatzan onartu zen sistema berri horren ezarpena, eta ohiko prozedura amaitzen denean izena emateko aukera zabalduko du udalak”.
Bi solairutan banatuta dauden 137 aparkalekuetatik 106 geratzen dira libre. Trastelekudun aparkalekurik ez dela geratzen esan dute, “horiek lehen deialdietan bete ziren”. Prezioari dagokionez, aparkaleku partzelaren emakidaren prezioa 3.745 eurokoa da. “Plazarengatik 3.500 euro ordaindu beharko dira eta zergengatik 140 euro. Horrez gain, 105 euroko fidantza ere eskatu da”. Gaineratu dutenez, hilero jabe elkarteari dagokion kuota ere ordaindu beharko da, “etxe jabeen elkarteetan egin ohi den modura”.
Iragarri dutenez, ohiko bideak erabilita emango dute ezagutzera noiztik nora egin ahal diren eskaerak. “Interesa duten herritarrek udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dituzte eskaerak; gehienez ere eskaera bat aurkeztu ahal izango da pertsonako”. Gogorarazi dutenez soilik ibilgailu partikularrak sartu ahalko dira aparkalekuetan.