Jose Pagaegiren bila jarraitzen dute Markina-Xemein inguruan
Markina-Xemein inguruko eremuak berrikusiko dituzte gaur [ekainak 3]. Erreka inguruak, mendi ibilbideak eta kobazuloak ere aztertzen ari dira. Segurtasun Sailak esan du beste ikerketa ildo batzuk ere zabalik dituztela.
Gurutze Gorrikoak, bilaketa lanetan. Goian, ezkerrean, Jose Pagaegiren argazkia. Irudia: SOS Deiak Astelehenetik [maiatzak 31] desagertuta dagoen Jose Pagaegi Meabebasterretxea 82 urteko markina-xemeindarraren arrastorik ez dago oraindik, eta Bizkaiko larrialdi eta salbamendu taldeek bilaketa lanei berrekin diete gaur [ekainak 3] goizean.
Markina-Xemeingo inguru guztiak aztertu dituzte familiak desagerpenaren abisua eman eta astelehen gauean [maiatzak 31] bilaketa lanak hasi zituztenetik, eta gaur [ekainak 3] herriaren inguruko eremuak berrikusiko dituzte. Erreka inguruak, mendi ibilbideak eta kobazuloak ere aztertzen ari dira.
Bestalde, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, beste ikerketa ildo batzuk ere zabalik dituzte. Garraiobideetan ere ikertzen ari dira, besteak beste.
Boluntarioak. Bilaketan lagundu nahi duten boluntarioen laguntza ere eskatu zuten martitzenean [ekainak 2], Pagaegi ahalik eta azkarren aurkitu ahal izateko. Boluntarioak Barroetara joan behar dira, han bai dago aginte postu aurreratua eta bertatik ari dira-eta koordinatzen bilaketa; bertan antolatzen dituzte bilaketa taldeak. Markina-Xemeingo Udalak ere egin zuen deialdia laguntza eske, eta asko izan dira bilaketa lanetan parte hartzera animatu diren herritarrak. Atzo [ekainak 2] 150 lagunetik gora hurreratu dira ziren Larrialdi Zerbitzuetakoek Barroetan jarri duten bilaketa operatiboko postura. Gaur ere ongietorriak izango dira boluntarioak.
Bilaketa eremua. Azaldu dutenez, Pagaegi ibiltzen zen inguruetatik hasi ziren bilaketa lanak, baina orduak pasatu ahala eremua zabalduz joan dira. Hala, Markina-Xemeingo inguru guztietan miatzen ari dira. Presa guztiak begiratu dituzte, Arizmendikoa bigarrenez aztertu zuten atzo[ekainak 2] esate baterako. Markina-Xemeingo Suhiltzaileen parkekoak eta udaleko brigadak eta Udaltzaingoa ere txoko guztiak ikuskatzen ari direla esan dute. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea dronekin aritu zen bila atzo, eta Munibe jauregiko lurretan ere egin dituzte miaketak.
Bestalde, herritarrak erakusten ari diren elkartasuna eta babesa eskertu nahi izan ditu Pagaegiren familiak. “Berri onik ez badugu ere, albisterik onena jasotzen ari garen babesa da”, adierazi dute.
Hasiera. Jose Pagaegi Meabebasterretxea, 82 urtekoa, astelehen arratsaldean [maiatzak 31] atera zen etxetik, eta, itzultzen ez zela ikusita, haren familiak desagerpena salatu zuen gauean, eta orduan ekin zioten bilaketari.
Astelehenean [maiatzak 31] 22:30ak aldera jarri zuten martxan miaketa operatiboa, SOS Deiakek koordinatuta, eta bilaketagaz jarraitzen dute. Suhiltzaileak, DYA, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea eta Gurutze Gorriko langileak ari dira bilaketa lanetan parte hartzen.
SOS Deiak-ek desagertuaren irudia eta deskribapena argitaratu zuen, herritarren laguntza eske. Azaldu dutenez, altua da eta begi argiak ditu, eta praka bakeroak eta alkandora koadrodunak janzten ditu. Informaziorik izanez gero 112-ra deitzeko eskatu dute.