Mutrikuk irabazi du Gipuzkoako Kopa
Mutriku Futbol Taldeko gizonezkoen lehen taldeak Gipuzkoako lurralde mailako ohorezko mailako kopa irabazi du. Aurreko zapatuan [maiatzak 29] Orioko Mendibeltz zelaian jokatutako derbi kutsuko final handian 0-2 irabazi zioten Debako Amaikak Bat taldeari.
Igor Elezgarai Txaparro-k eta Illart Urainek entrenatutako taldeak landutako eta merezitako garaipena eskuratu zuen Orion. Mutrikuarrek partidu oso ona jokatu zuten, eta lehen minuetatik nagusi izan ziren berdegunean. Lehen zatian baloiraren kontrol nabarmena eduki zuten eta Mikel Landaribarrek eta Eritz Egiak egindako golek partidua erabakita laga zuten. Atsedenaldiaren ostean, debarrak egoera iraultzen gogor saiatu baziren ere, ezin izan zuten aurkarien atea zulatu. “Uste baino erosoago irabazi genuen finala. Gozatzeko partidu ederra izan zen”, azaldu du Elezgaraik.
Gizonezkoen lehen taldeak lan oso ona egin du kopan. Maila bikaina erakutsi dute txapelketa guztian, eta lortutako garaipen handiak agerian utzi du jokalariek denboraldi osoan egindako lan ona. Garaipenari esker, denboraldia “sentsazio onekin” amaitu dutela gaineratu du lehen entrenatzaileak. “Igoera faserako aukerarik gabe geratu ostean etsituta geunden. Talde ona dugu, eta gure asmoa igoeran sartzea bazen ere, ez gara igoeran sartzeko gai izan. Bergararen aurka atsekabetuta amaitu genuen, eta behintzat garaipen honek denboraldia borobildu eta arantza hori kentzeko balio izan digu”.
Zapatuan [maiatzak 29] ahal izan zuten modura ospatu zuten garaipena eta domeka [maiatzak 30] eguerdian, berriz, holakoetan ohikoa bihurtu den modura, Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak eta Aitor Itza kirol zinegotziak harrera egin zieten udaletxeko areto nagusian. Jokalariek eta talde teknikoko kideek udaletxeko balkoira igota ospatu zuten garaipena.
Omenaldi xumea, gainera, lehen entrenatzailearen lana eskertzeko baliatu zuten. “Entrenatzeri utziko diot. Igor Quindos azkoitiarra etorriko da taldea entrenatzera. Oso harro nago, talde on bat uzten dut. Lagun talde bat gara, eta gure artean sortu den giroa oso polita da; momentu oso onak igaro ditugu elkarrekin eta talde hori lagatzeak, egia esan, pena ematen dit”.