Ondarroako Udaltzaingoak albaitari bat salatu du, "kode deontologikoaren aurkako hutsegiteengatik"
Duela aste batzuk belarriak moztuta zituen txakur bat aurkitu zuten Ondarroan, eta handik abiatutako ikerketaren ondorioz Gaztela eta Leongo albaitari bat salatu du Udaltzaingoak.
Ondarroako herritar batzuk belarriak moztuta zituen urtebete inguruko pitbull arrazako txakur ar bat aurkitu zuten apirilaren 21ean kalean, eta Udaltzaingoraren bulegora eman zuten. Udaltzaingoak ikerketa abiarazi zuen txakurra norena zen jakiteko. Esan dutenez, 2018az geroztik legez debekatuta dago txakurrei belarriak edo buztana moztea, eta horregatik hasi zuten ikerketa.
Ikerketak aurrera egin ahala, “irregulartasun” batzuk atzeman zituzten. Animaliak txipa bazeukala baina erregistratu barik zegoela baieztatu zuten albaitaritza zerbitzu baten bitartez. “Jabeak animalia albaitari batengana eraman zuen eta hark txipa ere jarri zion, baina gero ez zuen txakurra erregistratu”.
Albaitaritza zerbitzuaren bitartez jakindakoari esker, Gaztela eta Leongo (Espainia) albaitari batengana zuzendu ziren udaltzainak, eta Albaitarien Elkargo Ofizialean salaketa jarri diote, “albaitarien kode deontologikoaren aurkako hutsegite birengatik“. Batetik, txakurrari txipa ipini eta erregistroan altarik ez emateagatik salatu dute eta, bestetik, arriskutsua izan daitekeen txakur bat dagokion udaletxean alta eman barik egoteagatik. Udaltzainek azaldu dutenez, hori ez da legezkoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. “Albaitaria behartuta zegoen jabea erroldatuta dagoen udaletxean abisua ematera. Txakurraren jabeak, gainera, ez zeukan lizentziarik bere izenean halako motako animaliarik edukitzeko”.
Urraketaren bat egin duela frogatuko balitz, bi hilabetera arte kontsulta ixtera zigortuko luketela esan du Udaltzaingoak. Gaineratu dute animalien aurka egin daitezkeen eraso guztietan “irmotasunez” jardungo dutela.