Aurrerak mailari eusteko azken aukera dauka aste honetan
Talde ondarrutarrak jaitsiera kanporaketen azken aurreko jardunaldian bana berdindu du Santurtziren kontra, eta Lagun Onaken kontra lehiatuko du azken jardunaldia. Bestalde, Aurrera Kirol Elkarteak Kepa Arrizabalaga, Asier Etxaburu eta Unai Marino futbol jokalariak omendu ditu Zaldupen.
Jaitsiera kanporaketen fasean, Hirugarren Mailako taldeek asteburu honetan lehiatuko dute azken jardunaldia. Apirilean fase hau hasi zutenetik, mailari eusteko postuetan mantendu da Aurrera. Gaur gaurkoz ere, lehenengo lau postu horietan dago; laugarrena da, 35 puntugaz. Azken aurreko jardunaldian Hirugarren Mailan jarraitzea ziurtatzeko aukera eduki zuen talde ondarrutarrak, irabaziz gero, hori bermatu zezakeen, baina, zapatuko partiduan bana berdindu zuen Santurtziren kontra etxean.
Ligaren bigarren zati honetan, lau partidu irabazi, hiru berdindu eta bi galdu ditu. Iñaki Garcia entrenatzaileak taldea ondo ikusi du; apurka-apurka aldeko emaitzak eta egoera beltzari buelta ematea lortu dute: “Aurkari zuzenen kontra jokatu dugu, eta puntuak ateratzen ari gara. Jaitsiera play off honetan, jardunaldiz jardunaldi dena apur bat aldatzen joan da, momentu batzuetan maila mantentzea argiago ikusi dugu, eta beste batzuetan ez hain argi. Adibidez, Santurtziren kontrakoan ere bost minututan dena aldatu zen. Huts eta bat galtzen gindoazen, eta bana berdindu genuen. Gero salbazioa ziurtatzeko oso hurbil egon ginen, bospasei minututan hainbat aukera argi eduki genituen. Eta bost minutu lehenago jaitsiera postuetan geunden”.
Mailari eustea ziurtatuta daukan Lagun Onak-en kontra lehiatuko dute azken jardunaldia. “Antsietate askorik barik” aritzearen garrantzia nabarmendu du entrenatzaileak: “90 minutuak jokatuko dituen taldea ikustea gustatuko litzaidake. Joko denborak kontrolatzen eta azkar sentsazio onak topatzen saiatuko gara, eta Lagun Onak-ek sentsazio horiek ez topatzea garrantzitsua izango da. Hori da helburua, eta hori lortuz gero, hortik aurrera jokoa topatuko dugu, eta horrek zelaian ondo egotea eta aukerak sortzea ekarriko luke”.
Garcia abenduaren erdialdean heldu zen Aurrerara, eta lau puntugaz zegoen taldea. Talde ondarrutarrak 20 puntugaz zortzigarren amaitu zuen ligaren lehen fasea, eta bere agurrean, taldea Hirugarren Mailan utzi nahiko luke. Ligaren lehenengo zatiaren amaieran, taldean hobekuntza igarri zuela dio: “Dinamika positiboagoan sartu zen taldea, emaitza aldetik, defentsan ere bai, eta erasoan eta itxuran ere aldea igarri zen. Erasoko jokoan agian ez, baina erasoko jokoaren alderdi desberdinak kontrolatzea lortu zen. Markagailuak eta partiduko denborak hobeto maneiatu ditu. Apurka-apurka emaitza onak ere etorri ziren”.
Omenaldia Zaldupen. Aurreraren eta Santurtziren partidua hasi aurretik, klubak harrobiko Kepa Arrizabalaga, Asier Etxaburu eta Unai Marino futbol jokalariak omendu zituen zapatuan [ekainak 5], Zaldupen. Izan ere, Arrizabalagak Chelsea FC taldearekin txapeldunen liga irabazi berri du, eta Marino eta Etxaburu, berriz, Bigarren Mailari igo berri den SD Amorebieta taldeko jokalariak izan dira.
Horren aurretik, Alexander Martinez, CD Gordexola taldeko ordezkariak oroigarri bat eman zion Aurrera KEri bere mendeurrenarengatik.