Beste behin ere musikazalez bete da Etxebarriko elizpea
Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrak bildu ditu jaialdiak Etxebarrian. Antolatzaileek balorazio oso ona egin dute. Emaitza "espero baino askoz hobea" izan dela adierazi dute.
Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat herritar batu ditu asteburuan Etxebarrian Elizpe Rock jaialdiak. Eguraldia ere aldeko izan zutela azpimarratu dute antolatzaileek, eta horregatik, edo kontzertuetarako gogoa badagoelako, arrakastaz ospatu da aurtengoa ere. “Emaitza espero baino askoz hobea izan da”, adierazi dute antolatzaileek.
Musika on eta giro paregabeaz gozatu eta Lea-Artibai eta Mutrikuko taldeak ezagutzeko aukera eskura jarri ditu berriro ere jaialdiak, eta jendearen erantzunagaz “oso pozik” agertu dira antolatzaileak; neurri denak beteta dena “zoragarri” joan zela azaldu dute. “Herritarrez gain, kanpoko jende asko egon da, eta giro polita sortu zen herrian”.
Bi egunetan ospatu da aurten Elizpe Rock jaialdia. Barikuan talde bi – Seccion Destroy eta No Name Tiriti– eta zapatuan beste bost kontzertugaz gozatzeko aukera eduki dute musikazaleek –Herriko gazteak, Shibari, Grip, Dena eta Saia Goait–. Horrez gain, eskualdeko bi irrati batu zituzten irratsaio berezia eskaintzeko: Ondarroako Radixu Irratia eta Markina-Xemeingo EUP! Irratia. Estreinakoz bien artean programa berezi bat eskaini zuten, eta Elizpe Rocki buruzko irratsaioak jaialdiaren nondik norakoak ezagutzeko aukera eman zuen. Antolatzaile eta jaialdiko parte hartzaileak elkarrizketatu zituzten besteak beste.
Irratsaioagaz gainera, merkatu alternatibo bat ere jarri zuten elizpean. “Lau postu egon ziren arropak, diskoak eta liburuak saltzen, eta balorazio positiboa egin dute”.
Herriko gazteek eskainitako emanaldia ere nabarmendu dute Elizpe Rocken antolatzaileek. “Oso polita izan zen herriko umeen trikitixa saioa. Emanaldiak ume eta guraso ugari batu zituen”.
Bestalde, zapatuan Elizpe Rock Loratzen horma-irudia margotzen ere aritu ziren ume, gazte zein helduak egurrezko panel batean. Horma-irudi bat egiteko proiektua daukate esku artean, eta hori aurrera eramateko, horma-irudia margotu eta sinadura bilketa bat ere egin zuten.
Azkenik, jaialdia aurrera eramaten lagundu duten guztien laguntza eskertu dute. “Herritar asko egon dira laguntzen”.