Ekainaren 15a da mendi taldeek uztailerako antolatu duten irteeran izena emateko azken eguna
Lea-Artibai eta Mutrikuko mendi taldeek hiru eguneko irteera egingo dute uztailean. Pandemia hasi zenetik lehendabiziko irteera bateratua egingo dute mendi taldeek.
Lea-Artibai eta Mutrikuko mendi taldeek pandemia hasi zenetik lehenengo irteera bateratu egingo dute uztailean. Zehaztu dute Linas de Brotora (Huesca, Espainia) irteera egingo dutela uztailaren 2tik 4ra. Irteeran izena emateko azken eguna ekainaren 15a da. Ondarroako Aurrera mendi taldeak esan du parte hartzaile ondarrutarrek info@aurreramt.org helbidera idatzita izena eman behar dutela. Markina-xemeindarrek, ostera, Loirats dendan izena eman behar dute. Irteerak 120 euro balio ditu.
Irteeran parte hartuko dutenak uztailaren 2an abiatuko dira Huescara; ondarrutarrak 17:15ean aterako dira, Astilleruko autobus geltokitik, eta markina-xemeindarrak 17:30ean, Kai paretik. Uztailaren 3an eta 4an egingo dituzte ibilbideak:
- Uztailak 3: Linas de Broto-Sorrosal Harana-Tozal de Comas-Mundiniero-Linas de Broto (9 ordu)
- Uztailak 4: Linas de Broto-Puerto de Yosa-Pelopin-Erata-Yesero (6 ordu)
Azaldu dutenez, prezioan ondokoak daude sartuta: bidaia, bi gosari, afari bat eta bi gau lo egitea.