Ekainaren 9an hasiko da Ondarroako bonu kanpaina berria
Turismo bulegoan erosi ahalko dira bonuak, eta ekainaren 30era arte erabili ahalko dira kanpainara atxikitzen diren dendetan. Izena emateko aukera zabalik daukate kanpainara atxikitu nahi duten saltokiek.
Ondarroako Udalak bonu kanpaina berria abiarazi du Zatozte merkatari elkarteagaz elkarlanean. Eguaztenetik [ekainak 9] hasita 2.000 bonu ipiniko dituzte herritarren eskura, “herritarren eros ahalmena handitzeko eta herriko merkataritza sustatzeko” asmoagaz. Zehaztu dutenez, ekainaren 30era bitartean erabili ahal izango dira bonuak eta ez dira beste aldietan moduan salduko.
Merkatariei eta turismo bulegoari erraztasunak emateko asmoagaz, hain zuzen, ohiko funtzionamendua aldatu egingo dela iragarri dute; bonuak nahitaez turismo bulegoan eskuratu beharko dira. “NANarekin ziurtagiri bat emango diete eskatzaileei, ezer ordaindu barik”.
Bonu bakoitzeko 10 euroko zuzeneko deskontua lortuko dute herritarrek. “Turismo bulegoan emandako ziurtagiri horregaz atxikitutako saltokietara joan eta 30 eurotik gorako erosketa batean 10 euroko deskontua aplikatuko dute merkatariek; 10 euroko alde hori udalak ordainduko du. 30 eta 60 euro arteko erosketetan bono bat erabili ahalko da, eta 60 eurotik gorakoetan bi erabili ahalko dira». Azpimarratu dutenez, 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak gehienez ere bi bonu eskuratu ahalko ditu. “2005ean eta aurretik jaiotakoak izango dira onuradurak”.
Kanpainagaz bat egin nahi duten herriko merkatariek ere horretarako aukera zabalik dutela gogorarazi dute. Parte hartu nahi dutenek Zatozteren bulegoan izena eman behar dute (astelehenetik barikura 09:30etik 14:00etara). “Herriko denda eta zerbitzu guztiak atxikitu ahal izango dira kanpainara. Horretarako, hauek aurkeztu behar dituzte Zatozteren bulegoan: atxikipen orria eta Ekonomi Jarduera gainerako Zergaren alta dokumentuaren kopia”.