Lekeitioko Andretxearen proiektua urrats berriak ematen ari da
Lekittoko Mugimendu Feministiak Andretxearen proiektua aurkeztu dio udalari. Emakumeen beharrei erantzun eta horiek lantzeko gune sozial eta komunitario baten premia dagoela diote.
COVID-19ak eragindako etenaldiaren ondoren, Lekittoko Mugimendu Feministiak Andretxearen proiektuari heldu dio berriro. Martxoan jakinarazi zioten udalari euren ideia, eta proiektua ere aurkeztu dute. Lekittoko Mugimendu Feministiak Lekeition bizi diren emakumeak elkartu ahal izateko espazio propio baten beharra dagoela ikusten du, emakumeen beharrei erantzun eta horiek lantzeko gune sozial eta komunitario baten premia, eta hori lortzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.
Gogora ekarri dutenez, Lekittoko Mugimendu Feministiak ibilbide luzea dauka, eta urte guzti horietan hainbat aldarrikapen borrokatu eta emakumeen bizitza erdigunean jartzeko lan egin dute. “Emakumeon mugimendua urtetik urtera indartzen eta hedatzen ari da. 2018 eta 2019 urteetako greba feministek mobilizatzeko eta antolatzeko dugun gaitasuna agerian utzi zuten, eta oraindik ere gaitasun hori erakusten ari gara”, azaldu dute.
Jakitera eman dutenez, 2018ko greba horretan indartzen hasi zen Andretxe baten beharra. “Greba feministek guztion artean gogoeta egiteko ere balio izan ziguten, baita indarrak metatu eta estrategia berriak pentsatzeko ere, eta, ondorioz, mugimendu feminista indartsua saretu zen”. Izan ere, Lekeitioko emakumeen talde ezberdinek –Potxuak, Enarak, Neska Gaztiak eta Altzuan taldeak– eta beste eragile mistoetako norbanako kideak zein herriko hainbat emakumek osatzen dute Lekittoko Mugimendu Feministia. “Azken urteetan ugariak izan dira aurrera eraman ditugun ekimenak, eta are ugariago borrokara batu diren emakumeak. Gure sarea hedatzen ari da eta sistema heteropatriarkal hau geldiarazi nahi dugu. Ez gaude kapitalak bere biziraupenerako beharrezko dituen emakume zapaldu, esplotatu, bortxatu, jipoitu eta gutxietsiak izateko prest. Borrokatzea da gure hautua eta egunez egun kapitalaren atzaparretatik emakumeak askatzen joango garela aldarrikatu nahi dugu”.
Lan hori guztiori elkarlanean, elkarri helduta eta antolatuta eraman nahi dute aurrera, eta, beraz, horretarako beharrezko dutela diote eskatzen ari diren espazio propio hori. “Lekeitioko emakumeok gure espazioa behar dugu, Andretxea eraiki nahi dugu, bertan guztion artean herri proiektu feminista bat sortu eta martxan jartzeko. Guztion artean Lekeitio feminista bat eraikitzeko”.
Erronka nagusi horrez gain, beste batzuk ere badituzte esku artean: ginekologia zerbitzua Lekeition egotea, tratu txarren salaketa, edozein biolentzia sufritzen duen emakumeen ahotsa izatea, herriko ume eta amentzako espazio eta ekintzak sortzeko dinamika, zaintzan lanean dauden emakumeen eskubideen aldeko dinamikak, emakume migratuen harrera eta babesa eta arrazakeriaren salaketa. “Erreferentziazko gune bat behar dugu herriko edozein emakumerentzat”.