Mikel Manzisidor eta Oihana Kortazar omendu ditu Mutrikuko Udalak
Goi mailan lortutako kirol lorpenengatik egin diete aitortza. Udalak eskerrak emateko egurrezko potin txiki bat oparitu die.
Mutrikuko udal kirol batzordeak harrera omenaldia egin ezin zien barikuan [ekainak 4] Mikel Manzisidor puntista mutrikuarrari eta Mutrikun bizi den Oihanar Kortazar mendi korrikalari elgetarrari. Bi kirolariek denboraldi bikaina egin dute, eta hori dela eta, udalaren aitortza jaso zuten, “goi mailako kirol lorpenengatik”. Aforo mugatu dela eta, omenduen hurreko zenbaitek parte hartu ahal izan zuten udaletxeko areto nagusian egindako omenaldi xumean.
Joseba Palenzuela alkateak eta Aitor Itza kirol zinegotziak Mutrikuren izena munduko hainbat txokotara eramatea eta egindako lana eskertu nahi izan zieten. “Gauden egoera honetan goi mailako kirola egiten aritu dira biak, eta etorkizunera begira munduko kirolari gazteentzat eredu izan daitezkeelako ere herritik aitortza berezi hau egin nahi izan diegu”. Udaletik eskerrak emateko egurrezko potin txiki bat oparitu zieten biei; hunkituta eta eskertuta jaso zuten oroigarria udal ordezkarien eskutik.
Goi mailako bi kirolariek garaipen handiak lortu dituzte azken boladan. Danok Bateko puntistak Espainiako Txapelketa irabazi zuen maiatzaren 22an Iruñean; gizonezkoen 23 urtez azpiko kategoriako banakoa irabazi zuen. Mendi korrikalariak, berriz, Espainiako Txapelketa irabazi zuen maiatzaren 2an Jaenen (Andaluzia, Espainia).