Mutriku laugarren sailkatu da 640 kilokoan
Gaztedi A izan da onena 640 kiloko kategorian. Asteburuan hasiko dute 600 kiloko lehia, Erandioko Goierri auzoan.
Zapatuko [ekainak 5] Laukizeko emaitzekin erabakita geratu zen Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren 640 kiloko kategoria. Lehiatutako hiru jardunaldietan 20,5 puntu pilatu dituen Gaztedi A taldeak jantzi du aurtengo 640 kiloko txapela; orain arteko bi kategoriak irabazi ditu Laukizeko taldeak. Mutriku Sokatira Taldea laugarren sailkatu da, 12 puntugaz.
Ezustekorik barik lehiatu dute 640 kiloko kategoria ere, eta faboritoek euren nagusitasuna erakutsi dute hiru jardunaldietan. Gaztedi Aren atzetik, Goiherri eta Gaztedi B geratu dira bigarren eta hirugarren, 18,5 puntugaz eta 14 puntugaz, hurrenez hurren. Laukizeko jardunaldian ere hurrenkera horretan sailkatu ziren taldeak.
Txapelketaren bigarren kategoria honetan egin ahal izan dutenaren balorazio ona egin du Javi Urresti Mutriku Sokatira Taldeko kideak: “Lesioak tartean egon direla kontuan hartuta, balorazioa ona da. Hirugarren posturako aukerak genituela uste genuen, baina ezin izan da lortu, ezinezkoa izan da Gaztedi Bri tirada irabaztea. Sentsazio onekin amaitu dugu behintzat”.
Zapatu honetan [ekainak 12] Erandioko Goierri auzoan 600 kiloko txapelketari hasiera emango diote, 17:00etatik aurrera. Horretan zortzi talde ariko dira: Mutriku, Akelarre, Gaztedi A, Gaztedi B, Gaztedi C, Getxo, Goiherri A eta Goiherri B.
Sokatiralariek pisuan sartzeko esfortsua egin beharko dute. “Aldaketa bat egingo dugu. Kide batek ezingo du joan Erandiora, eta taldekide batzuk selektibitatea daukate aste honetan. Taldea zein izango den erdi pentsatuta daukat. Gauzak ondo badoaz, uste dut pisuan sartuko garela. Taldea ez da izango nahi genuena, baina gerra emateko gogoz ariko gara”.
Zortzi taldeak denak denen kontra lehiatuko dute Erandion, Getxon eta Zumarragan, ekainaren 12an, 19an eta 26an hurrenez hurren egingo diren hiru jardunalditan. Hiruretan puntu gehien pilatzen dituen taldeak jantziko du aurtengo 600 kiloko txapela.
Urrestik aurreratu duenez, 560 kilokoan ere parte hartzeko asmoa daukate: “Hasieran ez geneukan asmo hori, eta ez ginen izena emanda egon, baina gero ikusi genuen posible izango zela. Denboraldi honetan hasi direnei beste aukera bat emateko balioko du, ikasten segitzeko. Lehiatzera joatea gaitzagoa izango da, baina behintzat ikasteko balio du. Entrenamenduetan ere ikasten da, baina aurkarien kontra aritzean gehiago ikasten da”.