Kalakan musika taldeak kontzertua eskainiko du Lekeition
Emanaldia ekainaren 25ean izango da, 20:00etan, Ikusgarri zinema aretoan. Sarrerak salgai daude, Interneten eta Lekeitioko kultur etxean.
Pierre Sangla, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereauk osatzen duten Kalakan musika taldeak kontzertua eskainiko du ekainaren 25ean, 20:00etan, Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan. Emanaldia Aittitta Txiki kultur elkarteak antolatu du, Iparraldeko Haizeak jaialdiaren baitan. Sarrerak Interneten daude salgai, 12,22 eurotan. Dena dela, arratsaldeetan Lekeitioko kultur etxean ere erosi daitezkeela esan dute.
Kantu herrikoien moldaketa minimalistak egitea da Kalakanen berezitasun aipagarriena; euskaraz abesten dute, eta kantu tradizionaletan oinarritzen dira. “Talde bat, hizkuntza bat, musika bat. Hori da hain zuzen Ipar Euskal Herritik datorkigun taldearen filosofia. Txalaparta, atabala edota danborrak bezalako perkusio tresnen eta ahotsaren bidez, harreman zuzena aurkitzen dute entzuleagaz”.