Markina-Xemeinek eta Munitibarrek Herriarteko Txapelketako finalerako txartela jokatuko dute
Finalaurrekoko bueltako partida jokatuko dute domekan [ekainak 13] Markina-Xemeinen eta Lezaman. Joanekoa, 2-1 irabazi zion Markina-Xemeingo taldeak Zeanuriri. Munitibarrek 2-1 galdu zuen Lezamaren kontra.
Bizkaiko Herriarteko txapelketako finalerako pauso bakar batera daude Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea eta Munitibar. Zeanuriri finalaurreko joaneko partida 2-1 irabazita, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea bueltakoa besterik ez zaio falta, berriro ere Herriarteko finalean egoteko. Munitibarrek zailago dauka, baina ez ezinezko. 2-1 galdu zuen joanekoan, baina buelta eman diezaioke egoerari.
Domekan [ekainak 13] daukate hitzordua talde guztiek. 11:00etan hasiko dira partidak Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan, eta lehia espero badute ere, finalean egoteko ahaleginak egingo dituztela azpimarratu du Peio Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak.
Markina-Xemeingo taldeak ez zuen ondo hasi Herriartekoa. Dimaren kontra galdu zuten lehenengo partida, baina etxean buelta ematen jakin zioten norgehiagokari, eta hortik aurrera garaipenak batuz joan dira. Ortuellaren kontra nahiko erraz aritu ziren eta, esan bezala, Zeanuriren kontra irabazi dute joanekoa. Hala ere, Zeanuri aurkari gogorra dela adierazi du Urionabarrenetxeak. “Sei-zazpi talde borrokan aritzen dira Herriartekoa irabazteko, eta Zeanuri da faboritoetako bat. Betiko moduan, talde onak daude lehiaketa honetan”.
Lesioak direla eta aldaketaren bat egin behar izan dute taldean, baina orokorrean talde bera aritu da parte hartzen norgehiagokan. Kadete mailan Egurrolak eta Calvok, gazte mailan Ibarlozak eta Egurrola I.ak eta nagusietan Agirreamalloak eta Ibarloza I.ak jokatuko dute domekan finalerako pasea.
Markinako Esku Pilota Taldeari ondo eman zaio beti Herriartekoa. Azken hamar urteetan zazpi finaletan eta bi finalaurrekotan egon dira, eta sei garaipen lortu dituzte. Aurtengoa irabaziz gero, orain arte Ermuak zeukan errekorra gaindituko dute.
Lezaman jokatuko du Munitibarrek. 17:30ean hasiko dira partidak. Lezamak 2-1 irabazita joaneko puntuak atera zituzten Munitibarren aurka. Kadeteetan, Uriarte eta Busketek 22-3 irabazi zioten Kareaga-Arrizabalagari. Munitibarrek garaipena lortu zuen gaztetxoetan Enbeita-Bernaolarekin Iruretagoiena-Zarragari 22-1 irabaziz. Seniorretan, azkenik, Hormaetxek eta Bilbaok 22-7 gainditu zuten Uriona-Irusta. Beraz, asteburu honetako itzulikoan dena eman beharko dute finalean egoteko.
Bizkaiko Herriarteko finala ekainaren 20an jokatuko da Bilbon.