Iazko formatuari jarraituz, emanaldiak bideo bidez plazaratuko dituzte musika eskolaren web orri eta plataformen bidez.
Datorren astean ospatuko du Lekeitioko Musikaia Musika Eskolak ikasturteari amaiera emateko urtero egiten duten Aste Musikala. Aurten ere, ezingo dute aurrez aurreko emanaldirik eskaini, eta beraz, iazko formatuari jarraituz, ekainaren 15-16-17-18 eta 21ean emanaldiak plazaratuko dituzte musika eskolaren web orri eta plataformen bidez.
Egunean bi emanaldi igoko dituzte, goizean eta arratsaldean, eta Musikaiako talde ezberdinek parte hartuko dute euretan: Kamara eta Kamara txikik, Folk eta Folk txikik, Koral Txikik, Kantakai Koralak, Txistu Bandak eta Ensembleak. Bakoitzak bere errepertorioa eskainiko du, eta beraz, estilo ezberdinak egongo dira entzungai. Batzuk zuzenean kanta bat joko dute, eta beste batzuk aldiz, kontzertu txiki bat eskainiko dute.
Oihana Etxabe Musikaiako zuzendariak azaldu duenez, hirugarren ebaluazio osoan egon dira bideoak egiten. Apirilaren amaieratik ekainera bitartean 15 bideo jarri dituzte ikusgai ikasleen ikasturteko lan guztia erakusteko. Hala ere, zuzenekoak faltan bota dituztela aipatu du Etxabek, eta datorren ikasturtean zuzeneko emanaldietara itzuliko direla azpimarratu du. Bestalde, ikasturtearen balorazio ona egin du “COVID-19ak baldintzatutako ikasturtea izan bada ere, ez dugu ezelako arazorik eduki”.