Hobekuntzak egingo dituzte Ondarroako zenbait azpiegituratan
Hirigintza sailetik adierazi dutenez, Kofradia Zaharreko kupularen teilatua, Artibai egoitzako sabai leihoak eta Arrigorri hondartzako ziburuak konponduko dituzte hurrengo asteetan. Berdura Plazan ere egin dituzte lanak.
Kofradia Zaharreko kupulan, esaterako, ura eta hezetasuna ez iragazteko lanak egingo dituzte. Eraikinak 100 urte baino gehiago ditu, eta gune horretatik ura sartzen dela esan dute. Zehaztu dutenez, teilatua konpondu eta kupularen egitura indartu egingo dituzte. Lanak ekainaren 28an hastea eta astebete inguru irautea aurreikusten dute; bitarte horretan ezingo da erabili bigarren solairuko aretoa.
Artibai egoitzaren teilatuan dauden sabai leihoak ere aldatu egingo dituzte. “Leiho horietatik argia sartzen da teilatutik zuzenean, baina urteen poderioz jasandako higadura dela eta, aldatu egingo dira”. Sabai leihoen beirak berritzeko lanak baliatuta, teilatua garbitzeko eta teila berriak ipintzeko lanak ere egingo dituzte; 200 bat teila berri ipiniko dituzte. Lanak ekainaren 19an hastea eta astebete irautea aurreikusi dute. “Segurtasuna bermatu aldera, lan hauek irauten duten bitartean egoiliarren ohiko jarduna moldatu egingo da. Egoitzaren ingurua ere hesituta egongo da materialen bat eroriko balitz ere istripuak saihesteko”.
Arrigorri hondartzako ziburuen behegaina ere datorren astean aldatzen hastea espero du udalak. “Lanak, berez, ekainaren 7an ziren hastekoak, baina enpresak edukitako gorabehera batzuk tarteko, 15 egunez atzeratu da”. Lanak ekainaren 21ean hasiko dira, eta eguraldiak laguntzen badu bizpahiru egunetan amaitzea aurreikusten dutela esan dute. Egun horietan materialagaz aurrera eta atzera ibiliko den kamioiagaz “arreta berezia” edukitzeko eskatu dute. “Hondartza inguruan oinezkoen espazioa hartuta egongo da lanak egin ahal izateko”.
Aste honetan, berriz, Berdura Plazan ez labaintzeko produktu berezi bat ere bota dute; astelehen [ekainak 14] arratsaldean burutu zuten lana. “Egoten den hezetasuna kontuan harturik, bertaratzen diren herritarren segurtasuna bermatze aldera egindako lana izan da”.