Aratz Mugertzak Binakako Euskal Pentatloi Txapelketaren finala lehiatuko du
Mugertza-Errazkin, Peñagarikano-Etxeberria, Unanue-Larrañaga eta Otaegi-Txapartegi dira finaleko bikoteak. Mutrikuarrak dio entrenamenduetan lan ona eginda eta sentsazio onekin dagoela.
II. Binakako Euskal Pentatloi Txapelketaren finala zapatuan [ekainak 19] jokatuko dute, 17:00etatik aurrera, Tolosako zezen plazan. Aratz Mugertza mutrikuarrak eta Iñaki Errazkin tolosarrak aurreko urteko arantza kentzeko aukera edukiko dute, ezin izan baitzituzten lanak amaitu. Kepa Peñagarikano-Gorka Etxeberria, Jon Unanue-Mikel Larrañaga eta Jagoba Otaegi-Luis Txapartegi dira finaleko gainontzeko hiru bikoteak.
Mutrikuarra “etxeko lanak ondo eginda eta sentsazio onekin” ailegatuko da finalera: “Etxean lan ona egin dugu, eta ea plazan zer gertatzen den”. Txapela lortzeko daukaten aukera aprobetxatzeko lan egingo dute: “Sailkapen proba ikusita, aukera badaukagula dirudi. Oraingoan egin beharreko lana bikoitza da, eta uste dut ondoen eusten duen bikoteak edukiko duela txapela lortzeko aukera gehien. Faborito garbirik ez dut ikusten. Uste dut denbora gutxiren barruan egon litekeela garaipena”.
Lanei dagokienez, harrijasotzen hasiko dira, 100 kiloko bolta altxatu beharko dute; bikoteko 40 jasoaldi egin beharko dituzte. Gero, giza proban lau plaza egingo dituzte. Ondoren, aizkoran, lau kanaerdiko moztu beharko dituzte. Jarraian, txingekin zortzi plaza egingo dituzte, eta amaitzeko 4 km egingo dituzte korrika.
Lehenengo bi probak gehiago kostatuko zaizkiela-eta, entrenamenduetan horiek prestatzeko ahalegin gehiago egin du Mugertzak: “Uste dut lehenengo bi proba horietan besteek aldea atera ahal digutela, eta gero ikusi beharko da harrapatzeko gai garen edo ez. Lehenengo bi probetan atzetik joango garela ia segurua da”.