ETE eta KAE ligak Gipuzkoan hasiko dituzte
Hiru ligetan Pasai San Pedron lehiatuko dituzte denboraldi honetako lehen estropadak zapatu arratsaldean [ekainak 19].
Pasai San Pedron hasiko dute denboraldia ETE, KAE 1 eta KAE 2 ligetako klubek, zapatuan [ekainak 19].
ETE ligakoek Tolosaldeko II Ikurriña lehiatuko dute, 17:00etan hasita. Ondoren, KAE 2ko traineruen txanda izango da. Horiek 17:30etik aurrera lehiatuko dute 36. Pasaiako Ikurriña, eta KAE 1ekoen estropada 18:15ean hasiko da.
Domekan [ekainak 20], berriz, Getarian batuko dira ETE eta KAE 1eko traineruak. Andoni Galarragaren oroimen estropadan parte hartuko dute, 11:20tik aurrera.
11 talde daude ETE ligan. Isuntza eta Ondarroaz gain, Castro, Deusto, Hibaika, Lapurdi, Lutxana, San Juan, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia ariko dira emakumezkoen liga horretan. 14 estropadako egutegia daukate, eta abuztuaren 28an Erandioko Bandera lehiatuz amaituko dute liga. Uztailaren 11n Lekeition eta abuztuaren 7an Ondarroan ariko dira arraunean.
KAE 2ko hamar taldeetako bat da Mutriku. Beragaz batera, Busturialdea, Deusto, Donostiarra, Hibaika, Hondarribia, Portugalete, Santoña, Illunbe eta Zarautz lehiatuko dira ligaren hamabi estropadetan. Esaterako, uztailaren 3an Mutrikun elkartuko dira. Abuztuaren 21ean lehiatuko dute ligako azken estropada, Hondarribian.
Bestalde, KAE 1 ligan hamahiru talde daude: Arkote, Astillero, Camargo, Castro, Deusto, Getaria, Kaiku, Lapurdi, Orio, Pedreña, San Juan, San Pedro eta Zumaia. 15 estropadako egutegia daukate, eta horietan azkena abuztuaren 22ko Bilbo Hiriko estropada da.