Hil egin da Ziortzako Monasterioan lapurretan egin zuen gizonetako bat
Ertzaintzak jakinarazi duenez, ekainaren 7an bi gizonezko sartu ziren Ziortzako Monasterioan. “Kartera batetik dirua lapurtu zuten (diru gutxi), baina Aita Lehenak atzeman zituen, eta nahiz eta mugikor bat lapurtzen ere saiatu ziren, ez zuten lortu eta ihes egin zuten”.
Ihes egiterakoan, baina, bi lapurrek balkoi batetik salto egin zuten. “6 metroko altuera batetik salto egin zuten. Eta ustez, bi lapurretako batek kolpe txar bat hartu zuen”. Aita Lehenak Ertzaintzari abisatu zion, eta nahiz eta lapur batek ihes egitea lortu zuen, kolpea hartu zuena han zegoen, lurrean. “Ertzainak bertaratu ziren eta anbulantziari deitu zioten, eta lapurra ospitalera eraman zuten. Orain jakin dugu ospitaleratu eta hiru egunera-edo hil egin zela; kolpe txar bat hartu zuen”.
Beragaz batera lapurretan egitera sartu zen beste gizonezkoak ihes egin zuen, eta ez dago haren arrastorik. Ertzaintzak ikerketa zabalik dauka.