Jon Zabala eta Alain Gandiaga, Gaizka Garitanoren lantaldean
Zabala atezainen entrenatzailea izango da, eta Gandiaga, berriz, prestatzaile fisikoa. Eibarrek astelehenean aurkeztu zuen Garitano, eta entrenatzaile bizkaitarrak esan zuen "ahalik eta talde lehiakorrena" osatuko dutela.
Gaizka Garitano Eibarren entrenatzaileak bere lantaldea osatu du hurrengo denboraldirako. Patxi Ferreira bigarren entrenatzailea izan ezik, gaur egun klubean diharduten teknikariek osatuko dute 2021-2022 denboraldiko taldea.
Jon Zabala ondarrutarra eta Alain Gandiaga markinarra-xemeindarra lehenengo taldeko kideak izango dira. Zabala atezainen entrenatzailea izango da, eta Gandiaga, berriz, prestatzaile fisikoa. Horiekin batera, honakoak izango dira Garitanoren laguntzaileak: Ferreira bigarren entrenatzailea izango da eta Andoni Azkargorta entrenatzaile laguntzailea.
Zabala orain arte Eibarren filiala den CD Vitoriaren atezainen entrenatzailea eta oinarrizko futboleko atezainen arloko arduraduna izan da. Bera kenduta, staffeko gainerako kideek kargu horiek betetzen zituzten Eibarren, 2012 eta 2014 artean taldea Bigarren eta Lehen Mailara igo zenean eta 2014-2015 denboraldian maila gorenean jokatu zuenean. Gandiaga azken urteetan Mendilibarren lantaldeko kidea izan da, prestatzaile fisikoaren laguntzaile legez.
Eibarrek astelehenean aurkeztu zuen Garitano, eta entrenatzaile bizkaitarrak esan zuen “ahalik eta talde lehiakorrena” osatuko dutela, “umiltasunez eta ilusioz”. Bigarren Maila “oso gogorra eta luzea” dela gogoratu zuen.