Kartilagoko medikuntza birsortzailea aztertu dute Leartikerrek antolatutako jardunaldietan
Juan Antonio Marchal Granadako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko katedradunak eta PAIDI CTS-963: Bereizketa, Berrezarpena eta Minbizia ikerketa-taldeko buruak parte hartu du jardunaldian. Belarria birsortzeko aplikazioak ere interesa eragin du.
Polymers and Medical aplications jardunaldiak antolatu ditu aurten ere Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak. Topaketa horien helburua teknologia berriek eta polimeroek osasunaren arloan ekar ditzaketen aukerak eta berrikuntzak aztertzea da, eta oraingoan, gai nagusia ehunen ingeniaritza izan da, zelulei, biomaterialei eta biofabrikazioari buruzko ezagutzak biltzen dituen diziplina anitzeko teknologia, eta horren baitan, kartilagoaren birsorkuntza aztertu zuten batez ere.
Jakitera eman dutenez, aurten jardunaldia erdi telematikoa eta erdi presentziala izan da. Hizlariak Markina-Xemeingo zentro teknologikoan egon dira, eta entzuleek ordenagailuen bitartez jarraitu izan ahal dituzte hitzaldiak.
Hizlarien artean Juan Antonio Marchal doktorea egin da, Granadako Unibertsitateko medikuntza fakultateko katedraduna eta PAIDI CTS-963: desberdintzea, birsortzea eta minbizia ikerketa-taldeko burua. Marchal unibertsitatean gauzatu diren estrategia terapeutikoei buruz aritu zen bere ponentzian. Ondoren, Leartikerreko Izar GorroƱogoitia eta Uzuri Urtazar ikertzaileek biofabrikazio teknologien eta material erabilienen aurkezpen laburra egin zuten, eta zentro teknologikoa kartilagoa birsortzeko egokiak diren biomaterialak lortzeko egiten ari den alginatoz inprimatu daitezkeen tinten garapenaz ere aritu ziren.
Interes handia eragin zuen baita ere, Ainitze Gereka Leartikerreko eta Emma MuiƱos Nafarroako Klinika Unibertsitarioko ikerlarien hitzaldiak. Belarri bat birsortzeko ehun ingeniaritzako balizko aplikazio bat aurkeztu zuten. Ezagutzera eman zutenez, Leartiker eta Nafarroako Klinika Unibertsitarioa mikrotia, belarriaren sortzetiko malformazioa, tratatzeko metodologia bat garatzen ari dira elkarlanean. Egun, proiektua in vivo balidazio-fasean dago, pazienteekin saiakuntzak egin aurreko fasean, eta irudi medikoak atzematetik paziente bakoitzarentzako belarri pertsonalizatua garatzeraino doan metodologia da.
Leartikerrek Pauko Unibertsitateagaz, Nafarroako Klinika Unibertsitarioagaz eta Toulousse Ospitalearekin batera, Interreg Europak finantzatutako LGMed proiektuaren esparruan garatzen ari diren prototipoak ere aurkeztu zituen. Argitu zutenez, LGMed europar lankidetza proiektua da, eta bere helburu nagusia Aquitania-Euskadi-Navarra herrialdeko polimeroen enpresen dibertsifikazioa osasun eremurantz hobetzea da, medikuntzako gailuen lau prototiporen garapena sustatuz. “Gailu horiek osasun sektorearen benetako premia bati erantzungo diote, eta proiektura atxikitako enpresek etorkizunean merkaturatu ahal izango dituzte, ikerketaren emaitzak merkatura iritsi ahal izateko. Proiektuaren helburua gailu medikoen lau prototipo garatzea eta industria sektorera transferitzea da”.
Internet bidez egin behar izan badituzte ere, jardunaldien balorazio ona egin du Leartikerrek: “jardunaldia jarraitu duten pertsona kopuruak eta ekitaldiaren ondoren jasotako feedbackak, baieztatu egin du gure publikoak mota honetako mintegienganako daukan interesa. Gauzak horrela, datorren urtean ospatuko dugun hamargarren edizioan pentsatzen hasi behar dugu”.