Gatibu, Zetak, Chill Mafia, Amak eta Puro Relajo Markina-Xemeinen egongo dira
Karmen jaien ordez udara begirako aisialdi, kirol eta kultur egitarau zabala prestatu dute udalak eta herriko taldeek. Herriko toki desberdinetan egingo dira ekintzak.
Aurten ere, ohiko Karmen jairik egongo ez bada ere, aisialdi, kirol eta kultur egitarau zabala antolatu dute, udara begira, Markina-Xemeingo Udalak eta herriko taldeek elkarlanean.
Egitarau osoa datozen asteetan kaleratuko dela iragarri du udalak, baina egitarau horren baitan egongo diren ekintza batzuk aurreratu dituzte. Horrela, alde batetik, Chill Mafia, Gatibu, Zetak, Amak, Puro Relajo taldeen kontzertuak egongo dira, umeentzako ekintzarik ez da faltako –ohe elastiko eta jumping-ak, antzerkiak, zirkua…–, zesta punta, esku pilota eta bola txapelketekin gozatzeko aukera egongo da, eta Beti Jai elkarteak mus eta briska txapelketa antolatuko du.
Herriko toki desberdinetan egingo dira ekintzak. Kontzertu nagusienak UNI frontoian egingo dira, eta edukiera mugatua izango da. Ohiko moduan, sarrera eta gonbidapenak udaletxeko kutxazainean egongo dira eskuragarri, emanaldiak izango diren astean bertan.
Denen artean. Aipatutako udako egitarau hori osatzeko, batzar ireki eta parte-hartzaileak egin dira azken hile hauetan, eta batzar horietan elkarte guztien proposamenak onartu direla jakitera eman du udalak. Horrela, azken egitaraua denen artean landu dela azaldu dute, eta eskerrak eman dizkie egitarau horren lanketan parte hartu duten norbanako eta talde guztiei.