Abian da zerbitzuen sektorean euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina
Kanpaina Uemak bultzatu du, bigarren urtez. Bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat material eta baliabide sortu dituzte. Besteak beste, iaz bezala 300.000 mahai-gaineko banatuko ditu ostalarien artean.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Bertatik Bertara kanpaina martxan ipini du bigarren urtez jarraian, zerbitzuen sektorean “euskara areagotzeko asmoz”.
Irailaren erdialdera arte iraungo duen ekimenagaz dozena bat udalek eta hainbat garapen agentzik bat egin dute. Bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat material eta baliabide sortu dituzte: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, sentsibilizazio bideoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia… Esate baterako, iaz bezala 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean.
UEMAko kide diren Lea-Artibaiko udal guztiek eta Mutrikuko Udalak erabaki dute kanpainarekin bat egitea: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa, Ziortza-Bolibar.
Tokiko hizkuntza ere “kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia” dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei: “Askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”. Kanpaina benetan eraginkorra izan dadin, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzea “giltzarria” dela iritzita, online saioak prestatu dituzte udaren atarian.