Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea azpitxapeldun geratu da Bizkaiko Herriartekoan
Nagusien partidan erabaki zen finala. Pilotariek egindako lanagaz "harro" dagoela esan du Pello Urionabarrenetxea entrenatzaileak.
Bizkaiko Herriarteko txapelketa irabaztetik tanto batera geratu da Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea. Borrokatu zuten, baina ez zuten Lezamako taldea gainditzea lortu. Hala ere, pilotariek egindako lanagaz “pozik eta harro” agertu da Pello Urionabarrenetxea taldeko entrenatzailea. “Pena hartu dugu denoi gustatzen zaigu irabaztea eta, baina hamar urtetan zortzi final jokatu ditugu eta horrek erakusten du urte askotan maila gorenean egoteko gai izan garela eta joera hori mantentzen dugula. Hori da niretzako garrantzitsuena”.
Kadete mailan galdu egin zuten norgehiagoka, eta gazte mailan, irabazi. “Kadeteak ondo ibili ziren, baina gure bikotea gaztetxoa da oraindik, eta indartsuagoa zen Lezamako bikotea. 13-9 ere hurreratzea lortu zuten, baina denbora guztian defendatzen aritu ziren”, azaldu du Urionabarrenetxeak. Gazteen mailan, ordea faboritoak ziren eta hasieratik jarri ziren agintean partida 22-3 irabaziz. Beraz, nagusien partidan erabaki zen txapelketa.
Markina-Xemeingo bikotea aurretik joan zen ia partida osoan (5-1, 7-2, 16-13 eta 21-19); hiru bat bider jarriko ziren aurretik. Baina, hiru tanto egin zituzten Lezamakoak azkenean, eta 21-22 irabazi zuten. Partida bikaina eskaini zuten lau pilotariek; ordu eta laurden ingurukoa. “Talde oso gazteagaz atera gara kantxara eta lehiatzeko gai izan gara, eta orain arteko joeran jarraitzen badugu lehia handietan egoteko aukera izaten jarraituko dugu”.
Pandemia egoerako segurtasun neurriak direla eta zaletu gutxik eduki zuten Bilboko Miribillan jokatu zen finala ikusteko aukera. Pilotari eta entrenatzaileagaz gain, guraso eta taldeetako ordezkariek besterik ez zuten joaterik izan.