Mugertza eta Errazki laugarren sailkatu dira Binakako Euskal Pentatloian
Jexux Mari Iruretagoiena eta Andoni Iruretagoiena zarauztarrek irabazi dute II. Binakako Euskal Pentatloia.
Jexux Mari Iruretagoiena eta Andoni Iruretagoiena osaba-iloba zarauztarrek irabazi zuten II. Binakako Euskal Pentatloia, zapatu arratsaldean [ekainak 19]. Aratz Mugertza mutrikuarra eta Iñaki Errazkin tolosarra laugarren sailkatu ziren; 44 minutu eta 56 segundotan amaitu zituzten lanak.
Harri-jasotzen 40 jasoaldi eginez hasi zuten txapelketa, eta jarraian, giza proban lau plaza egin behar izan zituzten. Aizkoran lau kana-erdiko ebaki ostean, txingekin zortzi plaza egin zituzten, eta amaitzeko, lau kilometro korrika zezen plazari bueltaka. Finaleko sei bikoteen artean azkarrenak izan ziren Izetatarrek 40 minutu eta 24 segundotan amaitu zuten lehia. Ia hiru minutuko aldea atera zieten Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarrei. 43 minutu eta 5 segundoko denbora egin zuen bigarren bikoteak. Jon Unanue azkoitiarrak eta Mikel Larrañaga azpeitiarrak osatu zuten podiuma, 44 minutu eta 4 segundorekin.
Bosgarren sailkatu ziren Aritz Irazabal eta Benat Amade bizkaitarrak (45 minutu eta 31 segundo). Horiek Luis Txapartegi eta Jagoba Otaegiren ordezkatu zituzten. Kepa Peñagarikano azpeitiarra eta Gorka Etxeberria oriotarrar sailkatu ziren seigarren, 49 minutu eta 32 segundotan lanak burututa.
Emakumezkoetan, berriz, Lucia Orbek eta Garazi Arrutik jantzi zuten txapela, eta Karmele Gisasola mallabiarra eta Uxue Ansorregi mendaroarra bigarren sailkatu ziren. 29 minutu eta 45 segundoko marka egin zuten txapeldunek, eta 31 minutu eta 27 segundogaz txapeldunorde geratu ziren Gisasola eta Ansorregi.
Emakumezkoen pentatloia estreinakoz leihatu dute aurten. Aipatu bi bikoteez gain, Claudia Muñozek eta Julia Martinezek osatutakoa ere bikote finalista izan zen, baina aizkora proban Muñoz lesionatu egin zen. Emakumeek honakoa egin behar izan zuten zapatuko finalean: harriari hogei jasoaldi, giza proban bi plaza, aizkorarekin, 45 hontzako bi enbor ebaki, txingekin sei plaza eta bi kilometro korrika.