Artedramaren ikastaroetan izena eman daiteke
Zortzina orduko sei ikastaro eskainiko dituzte, eta hamalau ikasletako muga dago. Telefonoz edo posta elektronikoz izena eman daiteke.
Irailaren 20tik 25era egingo dute ADEL Artedrama Euskal Laborategia Aulestin. Iaz eta aurten Pazko Astetik udazkenera data aldaketa egin behar izan badute ere, eskaintza aldetik “beti bezain aberatsa” izango da, eta bertako ikastaroetan parte hartzeko epea zabaldu dute.
Horretarako, info@artedrama.com helbide elektronikora mezua idatzi edo 636 55 22 44 telefono zenbakira deitu behar da. “Egitarau oparo eta ikastaro interesgarriekin datorkigu aurtengo edizioa. Euskal antzerkiaren oasi honen parte izateko, jarri gurekin harremanetan!”, adierazi dute antolatzaileek. Aurreko urteetan modura, gehienez hamalau ikasle batuko dira.
Zortzina orduko sei ikastaro emango dituzte. Ander Lipus markina-xemeindarragaz aktoreentzako zenbait teknikaren ezagutzan sakondu eta inprobisazioa landuko dute. Pertsonaia bat eraikitzeko beharrezkoak diren “tresnekin jolastuko” dute: arnasa, oreka, indarra, adierazpena, espazioa eta jauzia “bezalako kodigoak landuz”.
Olatz Gorrotxategi eszenako zuzendaria, antzerkigilea, aktorea eta arte eszenikoetako irakasleagaz, berriz, antzerki testu klasiko batetik abiatuta, antzerkigintza garaikideak ematen dituen baliabideak aztertu eta praktikan ipiniko dituzte.
Patricia Urrutiagaz konplizitatea, entzutea eta konfiantza landuko dituzte jokoaren bitartez, eta Manex Fuchs antzezleagaz, berriz, “antzerki jokoan” murgilduko dira. Inprobisazioatik abiatuta, “antzezkidearen jokoa” izango dute helburu. “Maitasunaren funtsezko hiru egoerak” oinarri hartuko dituzte: lehen hitzordua, maitasun froga eta bereizketa.
Ruth Guimerak interpretazioan sakontzen lagunduko die. Teknikak norbere pertzepzioa zabaldu eta errealitatea ulertzeko edota imajinatzeko baliogarria izan behar duela ulertuko dute. Bestalde, Matxalen de Pedrogaz eta Igor de Quadragaz gorputzaren eta hitzaren bidez “mundu imaginarioak sortu eta konkistatuko” dituzte ikasleek. Aktorea emozioak, formak, mugimenduak eta ideiak “taldean esploratzen dituen sortzailea” dela diote, eta baieztapen horretatik abiatuta, entrenamendu psiko-fisiko bat proposatuko dute, non tradizioak (dakiguna) eta sorkuntzak (ez dakiguna) elkar elikatuko duten.
IKASTAROAK:
- Eraiki eta deseraiki.
Irakaslea: Ander Lipus. - Sorkuntza eta nortasuna.
Irakaslea: Olatz Gorrotxategi. - Joko eszenikoa.
Irakaslea: Patricia Urrutia. - Maitasuna ekintzetan.
Irakaslea: Manex Fuchs. - Interpretazio errealistaren oinarriak.
Irakaslea: Ruth Guimera. - Mundu berrietan zehar.
Irakasleak: Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra.